Taldea betikotuko duen DVDa aurkeztuko du eguenean Arkada Socialek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko eka. 3a, 19:31
Taldearen ibilbidea jasotzen duen erreportaje bat eta 2006ko agur birako azken zuzenekoetako irudiekin osatutako DVDa kaleratuko du Arkada Socialek Elkartasun Egunean. Aurkezpena eguenean, hilak 5, egingo dute Etxoste tabernan. Lan txukuna eta osotua da, Arkada Socialek berak ekoiztu duena. Bi urte pasatxo behar izan dute DVDa gertu izateko, baina itxaronaldiak merezi izan du. 1000 kopia atera dituzte eta 10 eurotan salduko da bakoitza.

Arkada Socialek DVDa atera du: Zuzenean. Eguenean aurkeztuko dute Etxoste tabernan eta zapatuan, Elkartasun Egunean, jarriko dute salgai gauean eskainiko duten kontzertuan –kontzertua bera DVDa aurkezteko da–. Eta zapatutik aurrera Etxoste eta Ekaitz tabernetan egongo da salgai, 10 eurotan. 1000 kopia atera dituzte, eta 2006an agur birako emanaldietako arrakasta ikusita, ziur di-da baten agortuko direla.


Lan txukuna eta osotua
Produktuak merezi du. Arkada Socialek berak ekoiztutako lana da, oso lan txukuna. Txukuna, eta osotua. Ikus-entzunezkoak bi atal ditu: batetik, 2006ko abenduaren 15ean Jamen emandako zuzenekoaren irudiak eta 2006ko agur birako kontzertuetakoak –Añorgan, Monterronen eta 3.60 aretoan– ikus daitezke. Eta, bestetik, taldearen historia laburtzen duen atala dago; taldeko kideen, talde anaietako kideen eta lagunen testigantzekin. Grabaketetako une barregarrienak ere atera dituzte.
Boskote moduan hasi eta hirukote moduan desegin zen taldea. 2006an, baina, ganorazko agurra egitea erabaki zuten, jarraitzaileek merezi zutelako. Orain, DVDarekin, Arkada Social betikotu egin dute. Nunca moriras.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak