Talde Mistoa ez dute desegingo, momentuz

Ubane Madera 2009ko eka. 22a, 14:40
Epaileak ez du onartu Talde Mistoa desegiteko Estatuko Abokatuaren eskaera. Hori horrela, epailearen behin betiko sententzia iritsi arte, behintzat, indarrean segituko du Arrasateko Udalean Talde Mistoa sortzeko erabakiak.

San Juan jaien aurretik udal gobernuak batzarra egingo du gaur arratsaldean (astelehena). Mahai gainean izango dituzten proiektuen artean, Mojategiko kirol instalazioen eta Kataide industrialdearen artean dagoen pasealekua argitzeko proposamena aztertuko dute.

Izan ere, gaur egun Mojategitik Kataiderainoko pasealeku zatian ez dago farolarik; hori horrela, Udaleko Obra Sailak aurkeztu du 14 farola ipintzeko proiektua, 42.000 euroko aurrekontuarekin. Obra Sailetik emandako xehetasunen arabera, gaurko batzarrean proposamena onartzen badute, udazkenerako pasealeku zati hori argiztatuta izango da.

Talde Mistoa, berdin

Horrez gainera, politika kontuak ere badituzte gai zerrendan aurreikusita. Hain justu ere, Eusko Abertzale Ekintza alderdia desegin eta Talde Mistoa sortzearen erabakiaren aurka Estatuko Abokatuak egindako eskaera atzera bota du-eta epaileak.

Kontua da, erabaki horren aurka errekurtsoa aurkeztu zuela Estatuko Abokatuak eta orain gai hori epaitegietan dagoela. Bada, halakoetan ohi den moduan, epailearen behin betiko sententzia etorri arte urteak pasa daitezke. Eta horren aurrean, Estatuko Abokatuak eskatu zuen sententzia etorri arte ere Talde Mistora pasatzeko erabakia bertan behera uztea. Ba gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean jakinaraziko dute epaileak ez duela onartu eskaera hori eta ondorioz, Talde Mistoak bere horretan segituko duela.

Eta gaurko batzarrerako aurreikusitako bestelako gaien artean, aipagarria da, adibidez, Leze Txikiko indusketekin lotura duena; jakinaraziko dute-eta, aurten ere etorriko direla Arrasateko indusketa lanekin segitzera.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak