Talde Mistoa desegin egingo dute

Ubane Madera 2009ko ira. 30a, 15:02
Udalbatzarreko Talde Mistoa desegin eta orain arte Talde Mistoko kide zirenek kide ez atxiki moduan jardungo dute aurrerantzean. Auzitegi Gorenak eman du hori egiteko agindua. Biharko (eguena) osoko bilkuran emango dute horren berri, 19:00etan.

Eusko Abertzale Ekintza desegitearen ondorio zuzena da Gorenaren agindu hori. Kontua da orain arte EAE-ANV suspendituta zegoela, eta orain, berriz, EAE desegiteko agindu duela Auzitegi Gorenak. Hori horrela, legeak derrigortuta, bere garaian Eusko Abertzale Ekintzaren izenean udal jardunean zebiltzanak ez atxiki izatera pasako dira.

Eta izaera aldaketa horrek ekarriko du, baita ere, Arrasateko  Udal Araudi Organikoa aldatu beharra. Izan ere, hemengo Araudi Organikoak ez du aurreikusten orain sortu den egoera, eta horren ondorioz, ez ditu aurreikusita kide ez atxikien eskubide politiko eta ekonomikoak. Beraz, aldatu egin beharko dute Arrasateko araudia.

San Isidron obrak

Hori izango da, justu, bihar udaletxean landuko duten gaietako bat, udalbatzarrak osoko bilkura deitu du-eta, bihar iluntzerako. Gai politikoez gainera, baina, bestelakoak ere izango dituzte. Adibidez, Udalak aurreikusita ditu San Isidro zubian obrak egitea, uholdeak saihesteko; bada, obra horiek egin ahal izateko aurreneko pausoa emango du bihar: lurrak desjabetzeko espedientea hasi. Eta espediente bera hasiko du Arrasate Pasealekuaren eta Gazteluondoren arteko lotura egiteko obrak egin ahal izateko. 

Utillajes Moldcam-ekoen mozioa

Horrez gainera, gai ekonomikoak ere izango dituzte mahai gainean zinegotziek. Alde batetik, udal aurrekontuaren egoeraren berri emango dute. Eta bestetik, Utillajes Moldcam enpresako langileek aurkeztutako mozio bat ere aztertuko dute. Mozio horretan langileek eskatzen dutena da enpresaren partzela industria lurzoru bezala manten dezatela.

Eta bestelako gairen bat aipatzearren, Garagartzako ortu ekologikoak behin betiko adjudikatzeko puntua ere landuko dute. Esandako moduan, hori guztia eta gehiago, bihar 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak