Takolo inguruko bidegurutzea antolatzeko eskatu dio Udalak Diputazioari

Ubane Madera 2010ko abu. 27a, 15:05
Takoloko biribilgunetik gora 100 metro eginda dagoen bidegurutzea behar bezala antolatzeko eskatu dio Arrasateko Udalak Gipuzkoako Diputazioari; “seguru asko irtenbidea izango da biribilgunea egitea”, uste dute Udaleko Hirigintza Sailetik. Horrekin batera, Takolorainoko errepide zatia konpontzeko ere eskatu dio. Diputazioak Bedoñako errepidea berritzeko proiektua aurkeztu du, eta alegazio moduan aurkeztu ditu eskaerok Arrasateko Udalak.

Gaur egun Takolotik gora dagoen bidegurutze horrek aukera ematen du Fagorrera, Umezaintza ingurura, Arrasateko saihesbidera edo Bedoña auzora joateko, baina bidegurutzea ez dago argi seinaleztatuta. Horrez gainera, Aretxabaletatik datorren eta Arrasaten aurrera egiten duen bidegorria eten egiten da bidegurutzeko horretan.

Bada hori guztia konpondu guran, Udalak Diputazioari eskatu dio azter dezala zein den inguru hori behar den moduan egituratzeko irtenbiderik onena. Udalak uste du biribilgunea eraikitzea izango dela errazena, baina hori Diputazioak ikusi beharko du, errepide zati hori Diputazioarena delako.

Gaur azkeneko eguna

Era berean, Takolorainoko errepide zatia konpontzeko ere eskatu dio Diputazioari, egoera txarrean dagoelako, baina batez ere, “oso estua” delako. Gaur, abuztuaren 27, da Bedoñako errepidearen proiektuari alegazioak aurkezteko azkeneko eguna, eta horren harira aurkeztu du berea Arrasateko Udalak, “behin obra egiten hasiz gero, proiektua osa dezaten”.

800.000 euroko inbetsioa

Izan ere, Diputazioak 800.000 euroko inbertsioa egin behar du Bedoña auzora doan errepidea zabaltzen, eta Arrasateko Udalak uste du hori aprobetxatuta esandako lanak eta bestelako batzuk ere egin beharko lituzketela, tartean Bedoña auzorako saneamendua eta telekomunikazio zerbitzuak sartzeko hodiak ipini (hori ere aurkeztu dute alegazioan).

Diputazioaren proiektuari berari dagokionez, alegazio epea zabaltzeaz gainera, lurrak desjabetzeko proiektua ere abiarazita dauka. Bestela esanda, aurten obretan hastea zaila dela uste dute Udaleko Hirigintza Sailetik, baina “datorren urtean akaso…”.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak