Takarraran, emakumeen lasterketaren bigarren edizioa deitu dute Arrasaten

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko ots. 17a, 14:52
Martxoaren 6an, 12:30ean abiatuko da Portaloitik. Aldarrikepan jai moduan planteatzen dute, eta lasterrenak saritzeaz gain parte hartzea ere sarituko dute.

Martxoaren 8a gero eta hurbilago dugu. Bi aste barru hemen dugu eta, Arrasaten emakumeen II. kale lasterketa aurkeztu dute gaur, Takarraran lasterketa, hain zuzen ere. Emakume Txokoan egin dute aurkezpena. Iaz balorazio positiboa egin zuten eta aurten emakumeen lasterketari jarraipena eman gura diote. Martxoaren 6an egingo dute, Udalaren berdintasun sailaren eta Aukearen ekimenez. Portaloitik abiatuko da 12:30ean eta Arrasate hotelaren parean ipiniko dute helmuga. Erdiko kaletik, Arrasate pasealekutik, Garibaitik, Maala kaletik, Kulturatetik eta Arbolapetatik igaroko da lasterketa, besteak beste. "Lasterketaren filosofia azpimarratu gura nuke", adierazi du Aukeako Yolanda Perez de Arenazak. "Parte hartzea da bultzatu gura duguna. Parte hartzaile denek balore berdina dute".

Hamar sari

Horregatik, hamar sari emango dituzte lasterketaren amaieran. Helmugara iristen diren lehenengo hirurak sarituko dituzte, eta parte hartzea txalotzeko parte-hartzaileen artean beste sei sari banatuko dituzte zozketa bidez. Saria egongo da ere helmugara iristen den azken parte-hartzailearendako. "Zergatik? Azkenak ere bere meritoa daukalako", esan du Perez de Arenazak. "Berak ere beste gauza asko gainditu behar izan ditu lasterketan  parte hartzeko, ziur." Lasterketan parte hartzeko ausardia, entrenatzeko egindako lana eta hartutako denbora… asko dago saritzeko lasterketaren deitzaileen esanetan. Zentzu horretan emakume guztiak lasterketan parte hartzera animatu dituzte deitzaileek. "Badakigu emakume askok egiten dutela kirola, baina hori bisualitzatzea eta presentzia hori kaleetan bermatzea dira gure helburua", azaldu du Oihana Aranburu zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak