Sutea Santa Teresa auzuneko soto batean

Txomin Madina Milikua 2008ko urt. 11a, 16:58
Ez du aparteko kalte materialik eragin, baina etxebizitza guztian ke usaina dago, eta eskailerak belztuta daude. Bizilagunek gaua etxetik kanpo igaro behar izan dute.

Bizilagunek kontatu digutenez, atzo (eguena) arratsaldeko 17:30eak eta 18:30eak bitartean zirenean konturatu ziren Santa Teresa kaleko 22. zenbakiko soto batetik kea irteten zela eta su hartu zuela. Bizilagunek deituta, suhiltzaileak, ertzainak  eta udaltzainak bertaratu ziren, eta orduerdi  behar izan zuten sua itzaltzeko. Suhiltzaileak bertan egon dira gaur (egubakoitza) sutearen zergatia ikertzen, baina esan digute oraindik ezin dutela ezer ziurtatu. Bizilagunek ere ez dakite ondo zergatik piztu zen sutea.

Kalte larririk ez

Sutearen ondorioz, ez da eraikinean aparteko kalte materialik jazo, baina eskaileretan eta etxe osoan zehar nabariak dira sutearen arrastoak eta ke usaina.

Suhiltzaileek adineko emakume bat atera behar izan zuten 5. solairutik, eta ospitalera eraman behar izan zuten badaezpada, baina ezer larririk ez duela aiderazi dute. Udaltzain bat ere larrialdi zerbitzuetara eraman behar izan zuten kea arnasteagatik baina kasu honetan ere ez zen ezer larria izan. Hanbat bizilagunek baina, beldurra pasa zutela adierazi digute.

Gaua etxetik kanpo

Santa Teresako 22. zenbakidun eraikinean 10 etxebizitza daude, eta sutearen ondorioz, bizilagun guztiek etxetik kanpo eman behar izan dute gaua, batzuk senitartekoen etxeetan, eta hamahiruk udalak eskainitako hotelean.

Goizean ekin diote kalteak konpontzeari, eta ura eta argia berriz jarrita bizilagunek gaur (egubakoitza) gaua etxean ematea espero da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak