Soto del Realen egin du gaua Ino Galparsorok, ETArekin kolaboratzea leporatuta

Jon Berezibar 2008ko maiatzaren 1a

Soto del Realeko espetxean egin du lehen gaua Ino Galparsorok. Baldintza barik eta behin behinekoz kartzelaratzeko agindua eman zuen atzo Auzitegi Naizonaleko epaile Baltasar Garzonek. Galparsorori leporatu diote "talde terroristarekin kolaboratzea" eta "ANVren jardueren etetea hautsi izana". Halaber, autoan ez da baztertzen "talde terroristako kide" izatea. Horren aurrean, Iñigo Iruinek, defentsaren abokatuak, esan du erabakiak "ANVren hautetsien aurkako bide penala ireki" duela. Abokatuak azaldu duenez, alkatea deklaratzera deitu zutenean – joandako egubakoitzean – ez zuekaten haren aurka egiteko frogarik eta zantzuak ostean bilatu dituztela salatu du Iruinek.

Galparsoro espetxeratzeko autoa arrazoitzeko polizia txostena erabili du Garzonek. Agirian esaten da  "ANVk ETArekiko dependentzia eta sumisio argia" dituela eta Galpasorok "kargu garrantzitsua" duela ANVn. Hori erakusteko hauteskunde kanpainara jotzen du Entzutegi Nazionaleko epaileak esanez, "abstentzioa eskatzeko kanpainan ETAren postulatuak mimetikoki bete" zituela Galparsorok. Otsailean Iruñean abestentzioa eskatzeko ekitaldi baten parte hartu zuela dio Garzonek eta ekitaldi hori "Ekin-Batasunak antolatutako estrategiaren baitan" zegoela "ETAk zuzendutako konplexu terroristaren egituraren" baitan.

 

Udaletxea miatu du Espainiako Poliziak

Azaldu dutenez, alkatea Entzutegi Nazionaleko ziegetan 16:00etan sartu eta ostean joan zen Espainiako Polizia Arrasateko udaletxera azkeneko bi osoko bilkuren akta zein erresoluzioen bila eta baita horien grabazioak ere. Iruinen esanetan, horrek erakutsiko luke "akusazioak momentuan momentu" joan zirela eraikitzen eta, poliziaren txostenari dagokionez, Galparsorok deklaratu baino minutu batzuk lehenago jaso zuen Garzonek defentsaren abokatuaren arabera.

    Galparsorok atzoko eguerdi aldera egin zuen Garzonen aurrean deklarazioa eta ostean Entzutegi Nazionaleko ziegetara eroan zuten epaia jakin bitartean. Fiskalak eta herri akusazioek – AVT eta Dignidad y Justicia taldeenak – baldintza eta fiantzarik gabeko espetxe zigorra eskatu zuten. "Talde terroristako kide" izatea ere leporatzea aztertzen ibili zen Fiskaltza, aitatutako txosten polizialean oinarrituta.

 

Hautetsi independentista guztiei jakinarazpena

Ino Galparsoro bakarrik ez, ANVren hautetsi guztiak aitatzen ditu Garzonen autoak. Epaileak dio alderdi ekintzailearen jarduera eten eta gero, ANV hautetsi independentistak

izenarekin "mozorrotu" dela. Hautetsi independentisten izenean emanadako prentsaurrekoetan parte hartu izana egotzi diote Galparsorori eta, era berean, epaileak jakinarazi du badakiela prentsaurrekoak eman dituztenak gehiago direna eta hauen "ardurak bereizita" aztertuko dituela. Arrasateko alkateari, zehazki, "borondate errebeldea" eta hautetsi independentistak izena "iruzur eginez" erabili izena leporatu diote. Jakinarazpen hau hautetsi "guztiei, kontrolatzen dituzten udal guztietan", egin die epaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak