Solariuma, jolasgunea, kioskoa eta beste, Aldain

Ubane Madera 2008ko urr. 17a, 13:15

Garrantzi aldetik herriko hirugarren parkea izango dena eraikitzeko proiektua onartu dute: Aldaiko parke publikoa (bi milioi euroko aurrekontua du). Adin tarte guztiendako herritarrendako zerbitzuak aurreikusi dituzte parkearen proiektuan.

Aldaiko kanposantu zaharraren orubean eraikiko dute udalerriko parke berria, Aldaikoa. Parke horren mugak honako hauek izango dira: Aldaigain, Santa Marina, Aldai eta Maalako okindegia zegoen lekuan egiten dabiltzan etxe berria. 

Parke handia izateaz gainera, izango dituen zerbitzuak ere ugariak eta berritzaileak izango dira: jolasgunea umeendako, paseatzeko gunea trankil egon gura duenarendako, estalitako kioskoa ikuskizunen bat egin eta oro har, gazte jendearekin pentsatzen egokituko dutena, eta eguzkia hartzeko gune berritzailea. 

Pasealekuari dagokionez, parkearen beheko partean kokatuko dute, eta besteak beste, izango ditu jarlekuak eta zuhaitzak inguru guztian, horietako batzuk izango dira, gainera, orain dauden altzifreetako batzuk (zipresak). Jolasgunea, berriz, parkearen goiko partean kokatuko dute, Aldaigain kale aldera, alegia.

Bestelako elementu berritzaileen artean, kioskoa ere izango du parkeak. Santa Marina kale ingurura ematen duen parkearen zatian eraikiko dute. Figura irregularra izango du eta erdiko aldean, elementu zirkularra, bueltan jarlekua duena. Hori guztia, gainera, lona berezi batekin estalita ipiniko dute, euria eginez gero, babesa emateko parkearen erabiltzaileei. Juan Antonio Urdangarinek, Hirigintza Saileko teknikari-buruak emandako azalpenen arabera, "teilatu itxura duten loneta gogor eta tela antzekoa den" halako bat ipiniko dute. 

Eta kiosko inguruaren albo batean, harmaila ere eraikiko dute, bereziki, kioskoan egin ahal izango diren ekintzetako ikusleei begira, edo inguruan batuko diren gazte koadrilei begira. Horrekin batera, harmaila gehiago ipiniko dituzte, kasu horretan, jolasgunean, neska-mutikoen gurasoei zerbitzua emateko.

Bestalde, solariuma ere izango du Aldai parkeak. Urdangarinek emandako xehetasunen arabera, eguzkia hartzeko txokoak ipiniko dituzte: "Eguzkia Aldai aldetik dator eta inguru horretan aldapa dagoenez, gainean geratzen dira leku batzuk, zuhaitzen babesik gabe, eguzkia hartzeko erabil daitezkeenak". Eta beste zerbitzuen artean, iturria eta komunak egitea ere aurreikusi dute. Komunen kasuan, gainera, umeendakoak ere egokituko dituzte.

Hori guztia baina, proiektua da momentuz. Gauzatu ahal izateko diru-partida egokitu egin beharko diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak