Gaztetxearen atarian izan zen erasoa, taldeko abeslari Andoni Iñurritegi eta Mikel Arriaran gitarra jolearen kontra. Euren bi autoak gaztetxe aurrean uztera zihoazen taldearen musika material guztia bertan sartzeko. Bada, autoen barruan zihoazela kontzertua ikusten egon ez ziren 15 bat ezezagun inguratu eta Iñurritegik zer gertatzen zen galdetzeko lehiatila zabaldu zuenean, ukabilkada bat eman zioten inongo esplikaziorik eman barik. Hala, autoak itxi eta nola edo hala aurrera egiten saiatu ziren. Orduan erasotzaileek bi autoen kontra egin zuten; bi autoen aurreko kristalak hautsi zituzten, baita atzerako ispiluren bat –erretrobisorea– ere. Gaztetxeko kideak irten zirenean erasotzaileek korrikan egin zuten ihes.
Erasoaren ostean taldekideek salaketa jarri zuten. Talde arrasatearrak ez du erasoa nondik etorri den ulertzen, ez dute-eta sekula inongo mehatxurik eta arazorik izan. Ez dute adierazpenik egin gura izan; gaur Azpeitiako Txarrantxa tabernan eskainiko duten kontzertuarekin aurrera egingo dute.