"Siesta egiten uzten ez zioten" langileak aizkorarekin mehatxatzeagatik gizonezko bat atxilotua

Jon Berezibar 2008ko eka. 5a, 17:54
Gizonezko bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak San Josepe inguruan lanean ziharduten beharginei aizkora eta artaziekin mehatxatzeagatik eta, gaur, aske utzi dute. Susmagarriak lanen zaratak "siesta egiten uzten ez" ziotelako mehatxatu zituen langileak. Ertzaintzak ohar baten bidez azaldu du, susmagarriaren senideek esku hartu zutela azkenean eta atxilotu ahal izan zutela.

Ertzaintzak zabaldu duen oharraren arabera atzo 17:00etan atxilotu zuten gizon gaztea eta gaur askatu dute. San Josepe harrobi inguruan lanean ziharduten beharginek ateratako zaratak "siesta egiten" utzi ez eta, Barne Sailaren arabera, horregatik mehatxatu zituen langileak aizkora batekin eta artaziekin. Prentsa oharrean azaltzen denez langileek eurek deitu zieten ertzainei. Aitatutako lekura iristean, agenteek ikusi ahal izan zuten ustez aizkorarekin kolpatu zituela kamoi baten atea eta furgoneta baten leihatila apurtu zuela. Susmagarriak ertzainak ere mehatxatu zituela diote oharrean eta etxe barruan gorde zenean – inguruko baserri baten bizi dela diote Udaleko iturriek – suzko armak zeuzkala ohartu ei zien agenteei. Zain minutu batzuk egon eta gero, susmagarriaren senideek esku hartu eta atxilotu ahal izan zuten ertzainek. Oharrean ere jasotzen da "ohiko delitugilea" dela susmagarria.

    Udalatzainek azaldutakoaren arabera, langileek idatzi bat egin eta salaketekin udaletxera joko dute "beldurrez geratu dira-eta".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak