Sexualitatean oinarritutako argazki bilduma ipini dute Kulturaten

Ubane Madera 2007ko aza. 20a, 10:07
Azaroaren 30era arte, sexologia ardatz duen argazki bilduma ikusgai izango da Kulturateko hirugarren solaiuran, Jokin Zaitegi gelan. Oro har, Gaztesareko Sextabaidaren erakusketa da. Gaur, martitzena, dokumentala emango dute 18:30ean.

Hala azaldu du Larraitz Arandok, erakusketa antolatu duen Arrasateko Udal Sexologia Zerbitzuko arduradunak. Hark azaldutakoaren arabera, 2006an Gaztesareak argitaratutako Izarapeko aholkuak izeneko sexu-gidan oinarrituta dago argazki erakusketa.

Sexualitatearekiko kezkak

"Gaztesareak badu atal bat Gozategi deitzen dena, eta hor, Euskal Herriko gazteek kezkak-eta azaltzen dituzte: Izarapeko aholkuak", dio Arandok. Kontatu du kezka eta kuriositate asko zeudela atal horretan eta, kezka guztiak batzeko, liburua egin zutela, "eta liburu horretarako behar ziren argazki errealak, batez ere, Euskal Herriko gazteen argazkiak. Izan ere, beti sexualitatearekin lotuta dauden liburuetan egoten diren argazkiak ereduari oso lotuta egoten dira: gorputz perfektuak eta halakoak. Hala, liburu horren helburua zen Euskal Herriko gazteriaren errealitatea adieraztea eta gorputz desberdinak erakustea. Boluntario dezente aurkeztu zen libururako biluzik posatzeko, eta Gasteizko argazkilari batzuek argazki politak eta dezente atera zituzten. Eta, hain justu, hori da erakusketatik deigarriena, Euskal Herriko gorputz desberdinak ikusten direla, modeloenak ez direnak; benetakoak".

Hortaz, argazki horiek erabilita antolatu dute Kulturaten ipini duten erakusketa; "eta erakusketa horrek laguntzen du, gero, Sextabaida mamitzen edo kaleratzen. Beraz, horixe ikusiko dugu Kulturaten: pertsona eta praktika desberdinen gaineko argazkiak. Eta horrekin batera, zintzilikatuko ditugu Sextabaidan dauden galderak", gaineratu du Larraitz Arandok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak