"Sexualitatea bizitzeko ditugun moduak kaleratu eta goraipatu", horixe da Udal Sexologia Zerbitzuak abiarazi duen Sexmetraia film laburren lehiaketaren helburua. "Gizon edo emakume sentitu eta bizitzeko ditugun moduak pantailaratu nahi ditugu", azaldu du Larraitz Arandok, Sexologia Zerbitzuko arduradunak. Gaineratu du lehiaketan parte hartzeko film laburren gaia bakarra dela: sexualitatea, baina hauxe ere gaineratu du: "Gai bakarraren barruan, mila aukera".
Bigarren aldia du aurten Sexmetraia lehiaketak, eta iragarri dute "aurreko edizioak izan zuen arrakasta dela-eta, aurten ere indartsu" datorrela. "Lehiaketa nazioartekoa da; hau da, ez du mugarik eta Euskal Herritik kanpokoek ere aurkez ditzakete filmak. Aurreko edizioan, adibidez, Kataluniatik, Madrildik, Paristik, Euskal Herritik… bidali zizkiguten lanak eta aurten ere pentsatzen dugu jendea animatuko dela", azaldu du udal teknikariak.
Sexmugik, sakelakoarekin
Horrez gainera Arandok iragarri du aurten atal berria izango duela lehiaketak: Sexmugi. Hau da, sakelako telefonoarekin grabatutako film laburrak ere onartuko dituzte, asko jota, 60 segundokoak. "Film labur ohikoa egitea zailegia dela pentsatzen dutenek ere lehiaketan parte har dezaten pentsatu dugu atal berria", azaldu du Arandok.
1.500 euro
Bestalde, sariei dagokienez, hiru izango dira: irabazlearendako, 1.500 euro; euskarazko lan irabazlearendako, 600 euro eta Sexmugi saria, 300 euro. Film laburrak aurkezteko azkeneko eguna da irailaren 30a. Informazio gehiagorako, begiratu honako helbidean: www.sexologiazerbitzua.com.