Sergio Garcia eta Aitziber Urkiola azkarrenak II. Gaueko Tafyd krosean

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko urriaren 23a

74 korrikalarik hartu zuten parte atzo, barikua, iluntzean jokatutako lasterketan. Giroa eta ikusleen animuak azpimarratu zituzten korrikalariek, besteak beste

Sergio Garcia oñatiarra gizonezkoetan, eta Aitziber Urkiola eibartarra, emakumezkoetan, gailendu ziren atzo iluntzean jokatutako II. Gaueko Tafyd krosean.

Sergio Garciak 18 minutu eta 35 segundo behar izan zituen lasterketaren 6 kilometroak egiteko. Aitziber Urkiolak, berriz, 23 minutu eta 43 segundu. Era berean, Luis Dehesa (20:22) eta Marije Velasco (26:11) izan ziren azkarrenak beteranoetan. 

Abiadura bizia

Lasterketa Ferixalekuan hasi zen, 20:00etan eta hasiera-hasieratik erritmoa gogorra izan zen. Sei kilometro ez dira asko eta horrek markatu zuen neurri baten lasterketaren abiadura. Sergio Garciak berak aitortu zuen uste zuela lehenengo itzulia "apur bat motelagoa" izango zela. Baina, esan bezala, erritmoa bizia izan zen hasierako metroetatik.
Ibilbidea  erdiguneko kaleetan barrena izan zen eta bi kilometroko hiru itzulik osatu zuten lasterketa. Hain justu, ibilbidea erdiguneko kaleetan barrena izateak badu bere berezitasuna; ibilbidea bihurgunetsu bilakatzen dela, eta hainbat korrikalarik azpimarratu zuten hori amaieran. Aitziber Urkiolak, esaterako, zera esan zuen: "Bihurgune askoko lasterketa izan da, apur bat arraroa, baina polita".

Antolatzaileak pozik

Antolatzaileei, Arzimendi ikastolari, dagokienez, oso pozik daude lasterketak izandako erantzunarekin eta datorren urtean "100 korrikalarien hesia apurtu" nahi dutela diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak