Semaforoa kenduta, zirkulazioa arinago, Gipuzkoa etorbidean

Ubane Madera 2008ko uzt. 21a, 14:50
Kendu egin dute Garibai etorbidean ipinita zegoen obretako semaforoa. Hilabete inguruan izan dute ipinita, Ertzain-etxe pareko zirkulazioa tarteka erregulatuz. Gelmako orubean eraikitzen dabiltzan etxebizitzekin lotutako urbanizazio lanen barruan, besteak beste, espaloiak egokitzen ibili dira.

Udaleko Obra Saileko iturriek emandako informazioaren arabera, espaloi zati horretako lanak bukatzea besterik ez zaie falta, “zoladura eta halakoak; baina errepideari afektatzen dion obra zatia bukatuta dago”.

Hori bai, gaineratu dute, baita ere, momentuz Gelmarainoko espaloi zatia egin dutela, baina oraindik Gelmatik Santa Marinako bidegurutzerainokoa falta zaiela egiteko. Beraz, obra horiek hastean, litekeena da atzera ere semaforoa ipini behar izatea.

Dena den, horixe, semaforoa kenduta, gaurtik arinago dabil atzera ere zirkulazioa Maalako biribilgune eta Gipuzkoa etorbide inguru hartan.

Ez da hori, baina, Arrasateko sarreraren egoera. Izan ere, askok gogoan izango dituzue joan den astean sortu ziren auto-ilara luzeak. Eibar-Gasteiz autobidearen irteeran egiten dabiltzan araztegiaren obrek eragin zituzten auto-ilarak.

Bada egoerak antzera segitzen du aste hasiera honetan. Biribilgune horretarako sarrerak egokitzen dabiltza, Bergaratik Arrasaterako noranzkoan. Besteak beste, zoladura lanak egiten dabiltza eta horretarako eten egin dute biribilgunerako sarreran dagoen erreiletako bat.

Gaur, goizeko 08:00ak inguruan Elorregitik haratago iritsi dira auto-ilarak. Beraz, egunotan hortik pasa behar baduzue, kontuan hartu abisua, bestetan baino denbora gehiago behar da-eta, Oñati-Bergara ingurutik Arrasatera etortzeko edo Arrasatetik haruntz joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak