Hasteko, jaiak azkeneko urteotan baino luzeagoak izango dira: ekainaren 14an eta 15ean izango dira aurreneko ekitaldiak (Haurren Danborrada eta Haur Dantzari Eguna, besteak beste), eta ekainaren 20an (egubakoitza) segituko dute ospakizunek, ekainaren 26ra arte (eguena).
Herritarren parte-hartzea
Jaiegunak luzatzeaz gainera, herritarrak kanpora joan ez daitezen jaiok erakargarriago egiten ere ahalegindu dira, bereziki aurreneko asteburuan: "Adibidez, ekainaren 21ean, zapatua, txosna-gunean zein Arrasaten, oro har, gazteendako ekitaldi mordoa izango dira: bazkaria, kontzertu indartsuak… Horrez gain, herritar guztiei begira, kale giroa indartu guran, antzerkiak eta beste antolatu ditugu".
Bestelako berritasun batzuk aipatzearren, makalaren igoeraren ostean egin ohi den herri bazkaria Saran egin beharrean gaztetxean egingo dute, herriko txaranga batek lagunduta, gainera. Eta gaztetxetik mugitu barik, ekainaren 22rako, adibidez, film laburren saioa antolatu dute.
Pirritx eta Porrotx
Eta bestelako ekimenik ere bada aipatzeko moduan: adibidez, ekainaren 24an herriko taldeek kontzertuak joko dituztela; ekainaren 25ean, Haurren Egunean, Pirritx eta Porrotx pailazoak etorriko direla Monterronera eta pilota partidak ere izango direla, zehazteko dagoen egunen batean.
Bloga sarean
Oro har, jaiak antolatzen "gustura" dabiltzala aditzera eman du udal zinegotziak, eta eurak eta Jai batzordea badabiltzala ahalegina egiten jaiak indartzeko, baina horretarako "jendearen erantzuna" beharrezkoa dela azpimarratu. Era berean, gaineratu du "ahaleginduko" direla "Inoren falta presente" izan dadin jaietan. Udalean eta jai batzordean, hortaz, buru-belarri dabiltza dagoeneko jaien prestakizunekin. Hala, herritarren jai batzordeak bloga aireratu berri du aurtengo jaiak aurkezten joateko.