Segwayekin egiten duzuen lana da saritu dutena, ezta?
Bai. Segwayak erabilita ibilbideak antolatzen ditugu, partikular zein enpresendako. Zerbitzu mota da saritu dutena: ibilbidea hasi aurretik ikastaroa egiten dugulako, erabiltzaileekiko segurtasun neurriak hartzen ditugulako (kaskoa…). Oso errekonozimendu handia da.
Zelako ibilbideak egin daitezke segwayekin?
Ordu eta erdiko ibilbidea dugu antolatuta. Udan egunero eta udazken-neguan asteburu eta jaiegunetan. Ibarraundi museotik irten (Eskoriatza), bidegorria hartu, eta bainuetxeko industrialdetik Urkulura igotzen gara; han buelta bat ematen dugu; bezeroen arabera, mendien, auzoen edo baserrien gaineko azalpenak ematen ditugu. Kanpoko jendea harrituta geratzen da paisaiarekin. Beste ibilbide batzuk ere baditugu: segwayetan behin baino gehiago ibili direnendako Atxorrotzerako igoera eta oso aditu direnendako Hiruatxerakoa. Bestalde, enpresek eska ditzakete ibilbide konkretuak. Adibidez, Oñatin egin dugu ibilbide berezi bat, Sopelan…
Zenbat balio du?
45 euro pertsonako. Gutxieneko taldea da bi pertsonakoa, eta asko jota 20 pertsona har ditzakegu, makinak kanpotik ekarrita, ze guk zortzi makina bakarrik ditugu.
Aipatu duzu kanpoko jendea etortzen dela...
Bai. Opor garaian Espainiatik Euskadira datorren jende asko dator segway ibilbidea egitera hona. Eta Euskal Herri osotik ere etortzen dira: Bizkaitik, Gipuzkoatik, Arabatik… Izan ere, segway ibilbideen zerbitzua erakargarri turistiko moduan finkatzen hasita dago. Adibidez, Gasteizko Agrotravel bidaia agentziarekin hasi gara elkarlanean, turismo sostengarria bultzatzeko. Eurek ere eskaintzen dute gure zerbitzu hau. Atrapalon ere bagaude…
Ibilbide turistikoak egiteko bai,baina bestela saltzen dira segwayak?
Poliki-poliki. Partikularrendako kapritxoa da oraindik. Batez ere, zuzenduta daude udal edo enpresendako: biltegi handiak dituztenetan, segurtasun enpresetan, mezularitzakoetan… oso baliagarria da, distantzia handiak egin behar dituzten langileendako.
Zein da prezioa?
Hiru mota daude: hirietan ibiltzekoak (i2) balio du 6.195 euro gehi BEZa; todoterrenoak (x2) 500 euro gehiago gehi BEZa; eta gero, golfean ibiltzekoak daude.
Segwayez aparte, beste aparailu elektriko batzuk ere badituzue dendan…
Auto elektrikoak, bizikletak, rollerrak eta zapata saltokariak. Uztailean Euskal Energiaren Erakundea hasi zen dirulaguntzak ematen auto edo bizikleta elektrikoak erosteko. Eta hori asko igarri da, adibidez, bizikleten salmentan, bestela garestiak dira-eta.
Zenbat?
1.300 euro.
Zeinek erosten ditu?
Bizikleta garraiobide moduan erabiltzen dutenek; lanerako, adibidez. Eta gidabaimena galdu dutenek ere bai.
Eta auto elektrikoak?
Momentuz oso gutxi saldu ditugu, eta saltzen denean enpresendako izaten dira: brigadetarako-eta erabil daitezke… Bergaran, adibidez, erosi dute, eta Eskoriatzako Udala ere begira dabil.
Zenbat?
Oinarrizkoak 8.900 euro. Dena den, inbertsio moduan ikusi behar da: gasolinan ez du gasturik, elektrizitatea da 100 km-ko euro bat edo euro eta erdi, mantenua ere oso-oso merkea da…