Sega erakustaldia, domekan, Atxabalpen

Xabier Urtzelai 2007ko uzt. 27a, 10:48
Gesalibarko auzo batzordeak eta Almitza Sega Elkarteak ez galtzeko moduko erakustaldia antolatu du datorren domekarako. Hala, 12:30ean hasita, 10-12 segalarik jardungo dute Atxabalpen, belarra mozten.

Euskal Herriko beste zona batzuetan zaletasun handia badago ere, ibarrean kirol hori ez da horren ezaguna. Hori horrela, polita izango da Euskadi mailako punta-puntako segalarien lana etxean bertan jarraitu ahal izatea. Almitza Segalari Elkartekoen artean egongo dira, besteak beste, Nazioarteko txapeldun izatea zer den ondo dakiten Bixente Mitxelena eta Maria Luisa Gabilondo.

Probatzen izan dira

Eguaztenean, berriz, Arkaitz Arteaga, Aloña Galarraga eta Miguel Mari Jauregi Altzo izan ziren Atxabalpen, zelaia zuzen-zuenean ikusten. Hiru lagunek hainbat saio egin zituzten, eta  belarra motz samar badago ere, erakustaldia egiteko nahiko txukun dagoela esan zuten. Hori bai, segak erraz kamusten zirela ikusita, domekan zorroztaileek gogotik egin beharko dute lan. Erakustaldia Nazioarteko eran egingo dute, hau da, moztutako belar kopurua ez dute pisatuko, horrek ez du garrantzia. Gizonezkoek 100 metro koadroko saila moztu beharko dute, eta emakumeek 35 metrokoa. Hala, nazioarteko eran belarra azkar moztu behar da, baina baita txukun ere, epaileek zigorrak ezartzen dituzte bestela.  Esandakoa, hori guztia zuzenean ikusi gura duzuenok, domeka eguerdian duzue hitzordua, Atxabalpen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak