Spermbirds, sasoitsu jarraitzen duen 80ko hamarkadako hardkore talde pertsonala

Iker Barandiaran 2008ko api. 20a, 21:59
Burux Lee (Zarautz), Fly Shit (Bergara) eta Spermbirds (Alemania) taldeek kontzertu bikaina eman zuten barikuan, hilaren 18an 3.60 aretoan. Ez zen aretoa guztiz bete baina Zaleak zoratzen eta gustura geratu ziren.

Alemaniako Spermbirds, 80ko hamarkadako Europako hardcorearen biziraule dotoreenetakoa, Euskal Herrira zetorren hirugarren aldia zen. Bergarako gaztetxean eta Pasaiako Camsan arituak ziren; eta oraingoan, Arrasateko 3.60 aretoan. Ohi duten baino nekatuago etorri ziren, bezperan Madrilen izan zirelako eta zapatuko Bartzelonako emanaldirako indarrak gorde nahi zituztelako. Ez zen aretoa bete, baina 300 bat lagun batu ziren. Aurretik, baina, Zarauzko Burux Lee hardcore karatekek hasi zuten gaua. Folkcore taldean ibilitakoak gogortu egin dira aspaldian. Ostean, Bergarako Fly Shit. Oinarri erritmiko oso sendoa daukate, eta Elorzak, gitarra jotzaile bakarra izan arren, ederto darama melodiaren pisua Setien abeslariarekin batera. Hardcore indartsua egiten dute, melodia oso presente daukana, eta tarteka haratago doaz, emo eta post giroetara. Bukatzeko, klasikoak diren Bap!, Bad Brains eta Poison Idearen bertsioak jo zituzten emanaldian.

01:00ak aurretik, soinu arazoak ekidin ostean, Lee abeslariaren garrasiak hasi zuen emanaldia: punk-hardcore bizi-bizia, lelo itsaskorrak, metal ukituen indarra, erdi rapeatuak, jauziak… eta ikusleak pozarren. Esperma-txoriak gai dira 80ko punk piezak, metal kutsudun kantu sendoak edota abiadura biziko abestiak jotzen. Musikak gaztetu egiten ditu. 2004ko Set an example lan irekian oinarritu ziren, baina ez zuten kale egin 90eko hamarkadako Common Thread eta Eating glass edota Something to prove eta Nothing is easy zaharragoak. Azken disko horrekin jendea zoratu eta kontzertuko bigarren erdian pogo dezente izan zen lehenengo ilaratan. Pena ordu eta laurden iraun zuela!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak