Saskibaloian, Mondragon Unibertsitateak seigarren garaipena eskuratu du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko aza. 11a, 13:18
Mondragon Unibertsitateak sendo jarraitzen du sailkapeneko lehenengo postuan; zapatuan, Iturripen, ligako seigarren garaipena jarraian eskuratu zuten Bilboko La Salleren aurka (103-63). Hala, jokatutako partidu guztiak irabazi dituzte Iñaki Merinoren mutilek

Beste partidu batzuetan ez bezala, oraingoan, irabazten hasi ziren etxeko mutilak; seigarren minuturako 17-11 aurretik ziren eta, lehenengo laurdenaren amaieran 28-16 nagusitu ziren. "Azkeneko partiduetan, lehenengo laurdenaren amaieran, atzetik ibili izan gara; baina, gaur, hasieratik atera gara gogor", esan zuen amaieran Merinok.
Taldeak lan ona egin zuen, batez ere defentsan. Atzealdean arin ibili ziren arrasatearrak eta errebotean baloi asko errekuperatu zituzten. Hala, kontraerasoan irteteko aukerak izan zituzten etxekoek.
Zapatuan, erasoko jokaldi politak egiteko aukerak izan zituzten; Iñigo Biainek, esaterako, saskiratze ikusgarriak egin zituen eta Iturripera hurbildutako zaleen txaloak jaso zituen.

Arazo gabe nagusitu ziren

Behin markagailuan aurretik jarrita, arazo gabe nagusitu ziren etxekoak. Hauek izan ziren laurdenetako partzialak: bigarren laurdena, 26-16; hirugarren laurdena, 27-15 eta hirugarren laurdena, 22-13.
Batez ere, taldeak, hirugarren laurdenean jokatu zuen ondo. Jokalariak ondo mugitu ziren eta hutsune asko egin zituzten; bada, Gorka Alarciak ondo aprobetxatu zituen hutsune horiek paseak egiteko. Modu honetan, taula azpiko jaurtiketa asko egin zituzten arrasatearrek.
Partidu amaieran, Iñaki Merino entrenatzailea pozik zegoen taldeak egindako lanarekin: "Partidua samurra izan dela ematen du, baina gaurko garaipenaren meritua jokalariek egin duten lanean egon da. Hau da, aurkaria talde ahula izatea baino garrantzi gehiago izan du guk egin dugun joko eraginkorrak", azaldu zuen Merinok.
Badu entrenatzaile gasteiztarrak pozik egoteko arrazoiak; orain arteko partidu guztiak irabazita, lehenengo postuan jarraitzen du Arrasateko taldeak. Gainera, datorren astean ere, etxean jokatuko dute, Ocaso Berrio-Otxoaren aurka, hain zuzen. Sailkapeneko azkeneko postuan dagoen taldea da; hortaz, norgehiagoka samurra izan daitekeela aurreikusi daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak