Santamasetarako irudi lehiaketa

Usoa Agirre 2009ko uztailaren 16a

Arrasateko Santamas Komisiñuek kartel eta irudi berria egiteko lehiaketa deitu du 2009ko Santamasetarako. Lehiaketan edozein arrasatearrek har dezake parte. Irabazleak 900 euroko saria jasoko du. Lanak BAZen aurkeztu behar dira urriaren 16a baino lehen.

Oinarriak

  1. Lehiaketa honetan edozein arrasatearrek parte hartu dezake.
  2. Agertuko den testua: SANTAMASAK 2009. ARRASATE. ABENDUAK 22.
  3. Kartelean zenbait elementu agertu beharko dira: Txerria, Udalaitz eta Portaloia.
  4. Lanak sinatu gabe eta lelo bat atzean idatzita aurkeztu beharko dira. Lelo berdina duen gutunazal bat ere erantsi beharko da eta bertan egilearen datuak jasoko dira.
  5. Egile bakoitzak lau lan aurkeztu ditzake gehienez.
  6. Formatua librea. Formatu digitalean kalitate onean.
  7. Sortze teknika librea: collage-a, diseinu digitala, txuri-beltza, akrilikoa, koloretan, etab.
  8. Aurkeztu beharreko dokumentuak:
    1. Kartela
    2. Irudiaren garapena: diseinatutako irudia formatu ezberdinetan erabiltzeko egokitu beharko da.
      1. Eskuorria: azalean kartela eta jaietako egitaraua barruan.
      2. Errifak: txerriaren zozketako errifa orria
      3. Kartel bateratua: egitarauko ekintza esanguratsuenak agertuko diren kartel osagarria.
      4. Logoa: Santamas Komisiñuaren logo proposamena.
    3. Azalpena: diseinuaren nondik norakoen azalpena, zein elementu azpimarratzen dituen, zer adierazi gura duen, aurrera begirako proposamena, etab.
  1. Lanak modu fisikoan eta KD formatuan aurkeztu beharko dira.
  2. Proiektuaren oinarri izango den irudiak Arrasateko Santamas jaien adierazgarri izan behar du; jaiaren bilakaera, honek herrian duen garrantzia, urteetan erabilitako irudi historikoa, etab. hartu beharko ditu egileak kontutan. Orainaldiko irudi bat proposatu eta etorkizunean adierazgarri izango den marka sortzeko irizpideak markatuko ditu.
  3. Santamas Komisiñuaren helburua aukeratutako lanari zenbait urteko jarraipena ematea da. Epaimahaiak hala baloratuz gero, irabazleak gutxienez beste bi urtetan kartela egiteko gonbidapena jasoko du.
  4. Saritutako lanaren egileak epaimahaiak irizten dituen aldaketak gehituko ditu eta formatu ezberdinetara egokitzeko prestutasuna erakutsi.
  5. Epaimahaiak aurkeztutako lanen maila nahikoa ez dela erabakiz gero, saria banatu gabe geratuko da.
  6. Behin epaia emanda, irabazle suertatu ez diren lanak egileei itzuliko zaizkie. Santamas Komisiñua ez da arduratzen aurkezten diren lanek jasan dezaketen kalte-galeraz.
  7. Epaimahaia honako taldeetako ordezkariek osatuko dute: Santamas komisiñue, Kultur Taldeak, Arrasateko Udala eta marrazkilaritzarekin lotutako pertsonak.
  8. Saria 900 eurotakoa izango da.
  9. Lanak Arrasateko BAZen (biztanleen arreta zerbitzua) aurkeztu beharko dira 2009ko urriaren 16a baino lehen.
Informazio gehiago: santamasirudilehiaketa.blogspot.com

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak