70eko hamarkadako eliza da Zigorrolako Santa Teresa. Espino izeneko arkitektoak egin zuen emazte Teresaren omenez. Hortik datorkio izena. Ez du ohiko eliza ematen, itxura arrunta du, bai kanpotik baita barrualdetik ere. Eta azken aldian, itxura hori gero eta okerrago dago. Arrazoi horregatik, zaharberritzeko erabakia hartu dute.
Berogailua eta teilatua
Konponketa garrantzitsuena berogailuarena izango da.
Horrez gain, teilatuan ere konponketa lan garrantzitsuak egingo dituzte. Itoginak daude. Gainera, uralitazkoa da eta parrokoak uste du amiantoa izango duela. Horregatik, goitik behera berrituko dute.
Eta lan horiek aprobetxatuz, hainbat egokitzapen egitea pentsatu dute. Auzotarrak kexu ziren elizara sartzeko eskailerak igo behar zituztelako. Horregatik aldapa egingo dute albo batean.
Azkenik, segurtasun neurriak betetzeko 3. ate bat ere jarriko diote elizari.
Komisioa
Zaharberritzeak 250.000 euroko aurrekontua du. Lanak nola egin zehazteko Santa Teresan komisioa sortu dute eta azken aldian, finantzaketa bideak aurkitzen dabiltza. Jo dute dagoeneko Gotzaintzara eta San Juan parrokiara, eta orain, auzotarrei eskatu die laguntza.
Maiatzean hasiko dituzte lanak
Lanak, auzoko jaien ostean, San Isidroak pasatutakoak hasiko dira, maiatzean, eta 6 hilabete iraungo dute. Eliza itxita dagoen tartean, ohiko mezak San Isidro elizan egingo dituzte; hileta eta gainerako elizkizunak, berriz, San Frantziskon.