Santa Marina kaleko lanek aparkaleku falta eragin dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko maiatzaren 8a

Aparkaleku eskariari aurre egiteko Udalak Obenerrekako frontoia egokitu zuen, auzo alkatearen eta zenbait auzotarren oniritziarekin. Hala ere, herritar batek auzotar talde baten izenean kexa azaldu du frontoia uda osoan zehar erabiltzerik izango ez delako. Azken horien ustez, Andra Mari Mesedeetako ikastetxeko aparkalekuak egokitzea aukera hobea da.

Santa Marina auzoko obrek aparkaleku falta eragin dute. Ulertzekoa da, obra handiak egiten ari baitira. Obenerrekako bidegurutzetik hasi eta Agerreko biribilguneraino dagoen zatia maila berean jartzeko lanak dira, eta Udalak aurreratu duenez ez dira urte amaierara arte bukatuko.
Lanokin kalearen irisgarritasuna bermatu gura dute eta baita kalea hobeto antolatuta uztea ere. Zatika egiten ari den obra guztiaren aurrekontua 1.691.093 eurokoa da.

Frontoia aparkaleku
Obrek arazoak sortzen dituztela jakina da. Bada, ohiko arazoei aparkaleku beharra gehitu zaie Santa Marina auzoko bizilagunei. Aparkatzeko leku falta dela-eta Udalak frontoia –irudian– egokitzea pentsatu zuen. Obra sailak jakinarazi duenez, auzo alkatearekin eta zenbait bizilagunekin hitz egin ostean erabaki zuten frontoia aparkaleku egitea. Hala ere, itxuraz auzotarren oniritziaz hartutako erabakia ez da denen gustukoa izan. Herritar batek herritar talde baten izenean jakinarazi digunez, frontoia "ez da aukera egokiena aparkalekua jartzeko". Kexa jarri duen herritarra frontoiaren erabiltzailea da eta, dioenez, "uda osoa frontoia erabiltzeko aukera barik geratuko gara bederatzi kotxe bakarrik sartuko diren aparkalekua jarri dutelako". Gainera, frontoia asko erabiltzen dela dio herritarrak: "normalean beteta egoten da".
Kexa jarri duenak, baina, badu beste proposamen bat: aparkalekuendako frontoia erabili beharrean Andra Mari Mesedeetako ikastetxeko bi aparkalekuak erabiltzea, hain zuzen.  Izan ere, dioenez, "leku gehiago dago eta ez da frontoiaren erabilera kaltetzen".

Proposamena aztertzen
Udaleko obra sailak harriduraz hartu du herritarren kexa, auzo alkatearekin eta auzotarrekin adostutako neurria izan zelako. Hala ere, proposamen berria aztertuko dutela adierazi dute.
Santa Marina kaleko lanak nahiko zailak ari dira izaten Udalarentzat baina ekidin daitezkeen eragozpenenak sahiesteko esfortzua egingo dutela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak