Santa Marina kalea eraldatu egin gura du Udalak

Ubane Madera 2009ko urt. 21a, 16:59
Aurten mugimendu handia igarri behar dute Santa Marina auzoko bizilagunek. Tokian Tokiko Inbertsioen Fondo Estatalak onartu egin du Arrasateko Udalak aurkeztutako proiektua eta 1.691.093 euro bideratuko ditu Santa Marinan obrak egiteko. Obra handia da Udalak egin gura duena.

Zortzi hilabeteko epea dute Espainiako Gobernuari aurkeztutako obrak egiteko. Obenerrekako bidegurutzetik hasi eta Agerreko biribilgunerainoko zatian egin behar dituzte lanak, hain justu Santa Marina kaleko lehen ataritik 24. atarirainoko tartean. Eta esan beharra dago zati hori guztiz eraldatzea dela Udalaren asmoa. Labur esanda, kale hori gaur egun bi mailatan dago, eta Udalak gura duena da guztia maila bakarrean laga.

Besteak beste, modu horretan kalearen irisgarritasuna bermatu egingo dute eta oro har, kalea hobeto antolatuta geratuko da. Hala azpimarratu dute Obra Sailetik. Jakina, kalea bi mailatan izatetik maila bakarra izatera pasatzeko, bestelako egokitzapen lan batzuk ere egin beharko dituzte: etxeetarako sarrerak egokitu, eskailerak, espaloiak berregin…

Obrak zatika

Obra handia da egin beharrekoa, duda barik. Eta horren harira, Obra Sailetik aditzera eman dute zatika egin beharko dutela. Are gehiago, automobilendako, adibidez, itxi ere egin beharko dute kale hori, zenbait egunetan sikiera.

Galiza kalekoak, bukatzear

Apurka-apurka, azkeneko urteotan Arrasateko Udala badabil Santa Marina auzoa eraberritzen. Inguruan ibili bazarete, adibidez, Galiza kaleko obrak ikusiko zenituzten azkeneko hilabeteotan. Agerre-Santa Teresa inguruko azpiegiturak berritu eta zoladura txukuntzeko lanak egiten dabiltza. Bada lan horiek lau hilabeteko atzerapena duten arren, 15-20 egun barru bukatuko dituztela jakinarazi dute.

Eta oro har, jakinarazi dute auzoa eraberritzen segitzeko asmoa dutela Udalean. Horren adibide auzoaren gaineko azterketa orokorra eginda dutela. Betiko moduan, baina, aurrekontuak aginduko du pentsatutakoa noiz gauzatu ahal izango duten.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak