San Pankrazio eguna ospatu dute Arrasateko Goi eskola politeknikoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko mai. 15a, 16:04
Goizean goizetik hasita, hainbat ekintza izan dituzte Arrasateko ikasleek. Arrakastatsuena, bai parte hartzeari eta baita sortutako ikusminari erreparatuz gero, arrautza jaurtiketa txapelketa izan da. Aurtengoa, bederatzigarren txapelketa izan da. Alurejo taldeak irabazi du hegaldi luzeenaren saria.

Arrautza jaurtiketa ospatu dute Arrasateko Goi eskola politeknikoko ikasleek San Pankrazio jaiaren barruan. Aurtengoa, bederatzigarren edizioa izan da. Azken urteotan txapelketak izan duen arrakasta ikusita, gaurko edizioak ikusmin handia piztu du. 15 taldek eman dute izena arrautza jaurtiketa txapelketarako. Guztiak ere diseinu industrialeko ikasleak izan dira. Eta, helburu bera izan dute: arrautza ahalik eta urrunen jaurtitzea, hori bai, apurtu gabe.

Arrautza babestuko duen aparatua

Txapelketaren helburua ikasleek arrautza babestuko duen aparatua diseinatzea da. Hala, ikasleek arrautza aparatuan sartu eta ahalik eta urrunen jaurti behar izan dute.

Irabazlea, Alurejo

Alurejo taldea izan da txapelketako irabazlea. Esan dute, euren helburua ahalik eta urrunen hega egitea izan dela; ez horrenbeste, aparatuaren diseinua. Hortaz, emaitza ona izan dutela ezin ukatu. Alurejo taldeak lehenengoz hartu du parte txapelketan, eta arrakasta ikusita, datorren urtean ere errepikatu dutela esan dute.

Beste sariak

Jaurtitako distantziaren sariaz gainera, beste zenbait diseinu ere saritu dituzte: Rastarraultz taldeak estetika onenaren saria jaso du, J.A.M.A.I.-k, aldiz, hegaldirik dotoreenarena. Gainera, administrazio saileko Itsaso Buruaga omendu dute, orain arteko txapelketa guztietan parte hartu izan duelako.

Ekitaldiak egun guztian

Beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte San Pankrazio egunerako, besteak beste,  areto futbol eta mus txapelketak, kontzertu eta DJ emanaldiak eta baita bazkari eta txistorra jana ere. Gogoratu, San Pankrazio jaia joan den eguenean ospatzekoa zela, baina, Arrasateko herritar talde batek deitu zuen greba orokorra zela-eta, atzeratu egin zutela. Hala, gaur ospatu dute San Pankrazio eguna Arrasaten. Bihar Huhezin, Eskoriatzan ospatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak