San Juanetako jai batzordeak dena du gertu jaietarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko eka. 19a, 17:57
Joan den eguaztenean aurkeztu zuen jai batzordeak San Juanetarako prestatu duen egitaraua. Hamaika ekitaldi ezberdin prestatu dituzte ekainaren 23tik 27ra artean, eta ekitaldion artean ez da berrikuntzarik faltako. Datorren martitzenetik zapatura bitartean aspertzea debekatuta dago.

Egun batzuk besterik ez dira geratzen jai giroak Arrasate har dezan. Izan ere, San Juanetako jai batzordeak antolatuta, martitzenean –San Juan bezpera– 12:00etan txupinazoa egingo dute koadrilek Ferrerias kaleko plazatxoan.

Herriak, herriarendako
Krisixa? Berpiztu daigun herrixa! da, hamaika aldaketa jasan ostean, jai batzordeak aukeratu duen 2009ko San Juanetako leloa. Joan den eguaztenean, hilak 17, egin zuten egitarauaren aurkezpena. Programako ekitaldietan ikus daitekeenez, herriaren parte hartzea bultzatu gura dute. Eta halaxe adierazi dute: "Urtero moduan, aurten ere herriak herriarendako egindako jaiak izango dira; azken finean herritarrei San Juanetan parte hartzeko dei bat dira".

Bazkarirako txartelik ez
Egitarauari erreparatuz, San Juan bezperan –hots, ekainaren 23an– bazkari herrikoia eta makalaren igoera nabarmendu ditu jai batzordeak. Herri bazkarirako txartelak salgai jarri ziren egun berean saldu ziren –150 guztira– eta jai batzordekoak aurreikuspenetan huts egin dutela onartu dute; "datorren urtean beste nonbaiten egin beharko dugu", adierazi dute. Hala ere, txartelik ez dutenei, barkamena eskatu eta Txo-poteoan –makalarekin kaleetan zehar egingo den poteoa– parte hartzera deitu die. Eta makalaren igoeran, iaz gertatu zen ezustekoaren harira, honakoa, jakinarazi dutena: "Aurten ezetz jausi!".

Berrikuntzak ez dira faltako
Orain arte egin ez diren ekitaldiak ere izango dira. Aipagarria da, lehen aldia ez bada ere, II. Bikoizketa Erotikoaren txapelketa. Iaz arrakasta izan zuen eta aurten ere errepikatu egingo dute. Gaztetxean izango da, hilaren 24an, 18:00etan.
Hortaz, berrikuntzak badira. Hona aipagarrienak: Krisi probak eguenean txosnagunean, Itxungi irrati librearen aurkezpena egubakoitzean gaztetxean, eta Kamejame txapelketa zapatuan txosnagunean. Izan ere, jai batzordeak egun bat gehitu die aurten ere San Juanei, zapatua dela aprobetxatuta. Hala, ekainaren 27an ere festa izango da nagusi, txosnagunean bereziki. Hasi da orduen atzerako kontaketa...

Jaietako bilduma onena, lekuko onenen eskutik

Iaz izandako arrakasta ikusita, San Juanetako jai batzordeak argazki lehiaketa antolatu du bigarrenez. Aurten ere bi atal izango ditu lehiaketak: kamerarekin eta mugikorrarekin ateratakoak. Jai batzordeak lehiaketarekin arrasatearrek jaien inguruan duten ikuspuntua jakin gura du. 

Argazkien kalitatea, originaltasuna eta bizitasuna epaituko ditu jai batzordeak eta argazkilaritzan adituak diren arrasatearrek. Erretratuak hilaren 23tik 29ra bitartean bidali beharko dira, sanjuanak09@gmail.com helbidera. Irabazleendako sariak egongo dira. Azkenik, baldintzak www.sanjuanak09.blogspot.com helbidean kontsulta daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak