San Juanen atarian egingo da aurten umeen danborrada, ekainaren 20an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko api. 24a, 18:46
Bi hilabete falta dira umeen danborradarako eta gaztetxoendako hain berezia den egunerako prestaketak hasiak dira Izenematea apirilaren 27an zabalduko da eta parte gura duten gaztetxoek SUDC elkarteak Pablo Uranga kalean duen egoitzara hurbildu beharko dira.

Aurten inoiz baino beranduago izango da umeen danborrada; ekainaren 20an, San Juan jaien atarian. Baina oraindik bi hilabete –hain justu– falta diren arren, umeen danborradaren antolatzaile SUDC elkartea hasi da prestaketekin. Izan ere, datorren astelehenean, apirilaren 27an, zabalduko dute izena emateko epea, eta danborradan parte hartu gura duten gaztetxoek SUDC elkarteak Pablo Uranga kalean –4.a, behea– duen egoitzara hurbildu beharko dira.
Izenematea noiz amaituko den ez dute zehaztu baina maiatza amaieran entseguekin hasiko direla jakinda, gaztetxo eta gurasoak adi ibili beharko dira.

'Data ez da egokia'
Esan moduan, ekainaren 20a aukeratu dute umeen danborrada egiteko. Aukeratutako data, Juan Luis Arkauz SUDC elkarteko presidentearen ustez, "ez da egokia". Ez da ahaztu behar San Juan jaietan hainbat arrasatearrek kanpora irtetea erabakitzen dutela, eta Arkauzek jakinarazi duenez, "danborrada San Juanetatik hain gertu izatean hainbat guraso kanpoan izango dira, eta beraz, euren seme alabek ez dute danborradan egoteko aukerarik izango". Arkauzek, baina, itxaropena dauka aurten iaz moduko parte hartzea lortzeko. Iaz 300 gaztetxo inguruk desfilatu zuten eguraldia lagun izan zuten ekitaldian.

Entseguak, arratsaldez
Entseguak maiatza amaieran hasiko dituzte eta hilabete eskas izango dute umeek abestiak ikasi eta erritmoa ondo eroaten ikasteko. Aurten ere, azken urteotan bezalaxe, San Viator txiki eraikinean egingo dituzte entseguak. Lehen San Frantzisko elizaren klaustroan –egungo Kulturateko erakusketa gelan– egiten ziren.
Entseguen ordutegiei dagokienez, arratsaldean izango direla zehaztu du Arkauzek: "aurreikusten dugun ordutegia da 18:00etatik 20:00etara, nahiz eta gura bada aldatu daitekeen".
Bestalde, materialaren banaketarako arazo berri bat izan dute aurten. Izan ere, erropa eta danborren banaketa ezin izango dute San Viator txikin egin, obretan aritu direlako. Materiala SUDC elkartearen egoitzan dago baina ez dago zehaztuta nola egingo den banaketa.
Azkenik, oraindik parte hartzea ez dagoenez zehaztuta, ez dakigu umeek zein konpainiarekin desfilatu gurako duten eta beraz, Arkauzek dioenez, "haurren gustuen araberakoa izango da konpainia kopurua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak