San Juan jaiak: haur eta gazteen eguna gaur

Asier Alkorta 2009ko eka. 25a, 12:19
Gaur San Juan jaien bigarren egunean ere entzierroa izan da eta atzokoarekin alderatuz, lasaiagoa eta ez da izan atzo besteko jendetsua, ez da zauriturik izan. Gaurkoa berandu hasi da, goizeko 9:10ean, azkarra izan da. Jende gaztea gaur ere zezenaren aurrean korrikan eta zezen-plaza berriz, adin guztietako zaleekin beteta. Aipatzekoa da, Udaleko Kultura saileko arduradunen esanetan, aurten zezen-plazak duen harrera; entzierroan ez ezik, arratsaldeko errekortadoreen jaialdian ere plaza bete egin zen-eta.

Mariachiak

Atzo, San Juan egunean izan ziren ekitaldien balorazio positiboa egin dute Kultura saileko arduradunek. Mexikotik etorritako Dolores San Juan eta Mariachi Tequileño taldekoek gustura jardun zuten erdiguneko kaleetan kantuan, han bildutako zaleek txalo egiteaz gain, kantuan ere egin zuten-eta. Mexikarrek esandakoaren arabera, punta-puntako mariachiek baino hobeto kantatzen zuen asko izan ziren atzo herritarren artean.

Bikoizketa lehiaketa

Gaztetxean ere jende asko bildu zen arratsaldean, besteak beste, Sexmetraia bikoizketa lehiaketa ikustera; ez ziren baina asko izan, lehiaketan parte hartzera animatu zirenak.

Dragoi jana

Afal orduan, herritar asko izan ziren Herriko plazako Dragoi Jana hitzordura joan zirenak. Guztientzako nahikoa jan bazen ere, jende ilarak izan ziren. Bildutakoak jai giro gozoan izan ziren.

Txatarreria Keaton

Gaueko ekitaldiekin jarraituz, Monterronera Gasteizko Txatarreria Keaton taldea ikusi eta entzutera joan zirenak ere gustura izan ziren Gasteiztarrek egindako ikuskizunaz gozatzen. Buster Keatonen film labur musikatuekin batek baino gehiagok nahikoa barre algara egin zituen. Jende helduaz gain, baziren gaztetxoak ere ikusleen artean.

Gaur, haur eta gazteen eguna

Gaur, ekainaren 25a, haur eta gazteen eguna da, beraz, etxeko txikienak izango dira gaur, Arrasateko jaietan protagonista; horiekin batera, Eguzki Laru edo Pirritx eta Porrotx pailazoak ere bai, besteak beste.

10:30 Biteri plazan haurrek eta gaztetxoek ongietorria egingo diote EGUZKI LARUri eta kalejiran joango dira Zaldibar pilotalekura. Ondoren, jolasparkea 13:30ak arte.
12:00 GRAFITI HERRIKOIA txosnetan.
13:00 Herriko plazan BERTSO SAIOA. Gai-jartzailea: Asier Ibaibarriaga. Bertsolariak: Jokin Labaien, Oihane Pereira, Amets Arzallus eta Sustrai Colina.
13:30 APAR JOLASA Biteri plazan.
16:30-18:30 Zaldibarren Eguzki Laruren jolasparkea irekiko da berriro, merienda eta zurrupaki tropikalarekin.
18:00 Txosnagunean HERRI PROBAK. Ondoren, antzerkia.
18:00-20:00 Txosnetan eta gaztetxean "Krisiaren aurkako orduak".
18:30 Haurren kalejira Zaldibartik Monterronera.
18:30 Seber Altube plazan HAPPY STARS taldearen ikuskizuna.
19:00 PIRRITX eta PORROTX pailazoek Piratak ikuskizuna aurkeztuko dute, Monterron parkean. Ondoren, Eguzki Laruri agurra.
19:30 Arrasateko Gaiteroak eta Arrasate Musikaleko perkusio eta haize taldeen irteera.
20:00 LARRAIN DANTZA Herriko Plazan. Ondoren kalejira.
20:00 Seber Altube plazan HAPPY STARS taldearen ikuskizuna.
22:00 Txosnagunean KONTZERTUA: Last Rebels, Motherfuckers eta Radio Dead Ones taldeekin.
22:30 Herriko Plazan DANTZALDIA Nueva Alaska taldearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak