Finalista bakoitzak hiru ordu laurden izango du norberaren proiektua sakon azaltzeko. Gero, entzuleenk egiten dizkioten galderei erantzun beharko die. Entzule moduan edozein herritar joan ahal da, baina ideia lehiaketako epaimahaikideak ere izango dira aurkezpen ekitaldian.
Izan ere, aurkezpen ekitaldi horretatik aukeratuko dute ideia lehiaketako irabazlea. 88.000 euroko saria emango diote hari; bigarren geratzen denari, berriz, 12.000 eurokoa.
Harrizate, Azkoitiatik
Datorren asteleheneko egutegia orduz ordu finkatu dute. Hori horrela, Harrizate izeneko proiektua aurkeztuko dute aurrenengo, 10:00etan. Museoa, hotela, arte zentroa, unibertsitate egoitza eta beste proposatzen dute proiektua landu duten azkoitiarrek San Josepe gunerako.
Kisky, Madrildik
Kisky proiektua izango da bigarren: 11:00etan. Madrildar proiektugile bik egindakoa da eta besteak beste, Btt ibilbidea, museoa, pilotalekua, hotela, etxeak eta saltokiak proposatzen ditu.
KO, Getxotik
Eguerdian, berriz, KO izeneko proiektua aurkeztuko dute. KO edo bestela esanda, Karearria Oinarri izeneko proiektua. Gogoan izan azken hori dela herritarren botoekin finalista izatera iritsi zena. Kasu horretan, kultura ekipamendua, bulegoak, kirol-gunea eta beste da Getxotik bidalitako proiektuak proposatzen duena.
Suelo, Paristik
Bazkaltzeko etentxoa egin ostean, Suelo aurkeztuko dute. Parkea, kirolgunea, etxeak, goi mailako eskolak, saltokiak eta abar proposatzen dute Paristik bidalitako proiektu horretan. 15:30ean aurkeztuko dute proiektu hori.
Tronera, Donostiatik
Bukatzeko, 16:30ean hasiko da Tronera proiektuaren nondik norakoak azaltzen. San Andreserako anbulatorioa, zaharren egoitza, etxeak eta beste proposatu dituzte Donostiatik.