San Josepeko harrobirako ideia lehiaketa egingo du Udalak

Goiena 2007ko abenduaren 4a

Arrasateko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lehiaketa hori antolatzeko. 36.000 euroko diru laguntza jasoko du Arrasateko Udalak hain zuzen ere.

Hitzordua goizeko hamabiak eta erdietan izan da. Ekitaldian honako hauek parte hartu dute, besteak beste: Ino Galparsoro Arrasateko alkateak, Carlos Ormazabal, Garapen Iraunkorreko diputatuak eta Arantza Tapia, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Ideia lehiaketa antolatzeko

Gaur goizean sinatutako hitzarmen horri esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak 36.000 euro emango dizkio Arrasateko Udalari San Josepeko harrobiaren gaineko ideien lehiaketa antola dezan. Hau da, bertako jarduna bukatu ostean, geratu den zuloan zer egin erabakitzeko ideia lehiaketa antola dezan.

Arrasateko alkate Ino Galparsorok azaldu duenez, gaur Diputazioarekin lankidetza hitzarmena sinatu duten arren, oraindik Eusko Jaurlaritzaren onespena falta da ideia lehiaketa hori aurrera eramateko. Gaineratu du Udalak espero duela hilabete honetan lortzea onespen hori, eta behin baiezkoa lortuta ahalik eta lasterren ibili beharko dutela lehiaketa horren oinarriak onartzeko. Izan ere, ekimena urte bukatu baino lehen jarri nahi dute martxan.

Edozeinentzat

Ideien lehiaketa guztiz publikoa izango da, hau da, interesa duen edozein herritarrek parte arte ahal izango du, bere ideiak ematen.

San Josepeko harrobiaren egoeraren gainean, berriz, alkateak jakinarazi du harrobiko esplotazioa bukatuta dagoela, baina ingurua txukuntzen jarraitzen dutela oraindik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak