San Josepe harrobirako ideia lehiaketa deitu dute

Txomin Madina Milikua 2007ko otsailaren 9a

Aste honetan Arrasaten egin duten udalbatzarrean hartu dute San Josepe harrobiari 2008ko abendura arte lanean uzteko erabakia. Baina behin epea bukatuta, eta arrasatear talde batek egindako proposamenari kasu eginez, Udalak lehiaketa bat antolatu du etorkizunean harrobia dagoen lekuari eman beharreko erabilera zehazteko.

Aitor Orobengoa ingeniaria buru duen herritar taldeak beste herrialde batzutan, Erresuma Batuan, Norvegian edota Australian kasu, itxita dauden harrobiekin egin denari erreparatuz egin zuen proposamena. Gainera, Gipuzkoa mailan beste harrobi zahartuendako eredu izango litzateke San Josepe.

Diru laguntza

Arrasateko Udalak, proposamena aho batez onartu du, eta ekimena aurrera eraman ahal izateko, 18.000 euroko diru laguntza jarriko du.

Ideiak

Herritar taldeak egindako proposamenak, hainbat aukera eta erabilera ezberdin jasotzen ditu.

  • Taldeak esandakoaren arabera, Erabilera pribatuko eraikinak egin daitezke bertan: motako guztietako etxebizitzak, bulegoak edota zerbitzu guneak.
  • Erabilera komertziala da beste aukeretako bat, maila honetan sartuko liratekelarik galeria komertzialak eta multizinemak.
  • Mondragon Unibertsitatearekin lotura duten jarduerendako ere leku egokia izan daiteke San Josepe herritar taldearen iritziz, ikasle egoitzak, jangelak eta ikasteko aretoak besteak beste.
  • San Josepe inguruan bizi direnentzako aparkalekuak egitea ere ideia ona dela uste dute elkartekoek, baita kamioiendako aparkaleku moduan erabiltzea ere.
  • Azkenik, etorkizunean sortu daitezkeen beharretarako, erreserba estrategiko gisa gordetzea ere aukera bat izan daitekeela ikusten dute herri elkartekoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak