San Joan Bataiatzailearen eliza jendez gainezka, azken agurra egin zioten Isaias Carrascori

Miren Arregi Amasorrain 2008ko mar. 9a, 13:55
Ehunka pertsona elkartu ziren atzo Arrasateko San Joan Bataiatzailearen elizan, Isaias Carrascoren aldeko hileta elizkizunean. Senide eta Politikariez gain, asko izan ziren bertaratu ziren herritarrak. Juan Maria Uriartek, Donostiako gotzainak esan zuen meza, eta ETAri exijitu zion behin betiko desagertzeko.

Arratsaldeko 17:00ean, PSE-EEko buruzagiek, besteak beste, Patxi Lopezek, idazkari nagusiak eta Migel Buenek, Gipuzkoako Buruzagiak atera zuten hilkutxa udaletxetik. Plazan bildutakoen txalo artean, herriko plazan bertan, herriko zinegotzi eta kide sozialistek hartu zuten hilkutxa, eta azkenik, Isaias Carrasco zenaren senitartekoek sartu zuten elizara. Udaletxeko osoko bilkuren aretotik elizaraino, gazte sozialistek zeramaten lore koroen atzetik egin zuten bidea.

 

Juan Maria Uriarte Donostiako gotzaina izan zen elizkizuna gidatu zuena. ETAren aurkako hitzak izan zituen Uriartek: "herri honek ez du nahi, ezin du, egoera honen gaineko etsia hartu, eta ETAri exijitzen dio behin betiko desagertzeko"

 

Lepo bete zen San Joan Bataiatzailearen eliza, eta ehunka pertsonak kanpotik entzun zuten meza, horretarako propio ipinitako bozgorailu batzuen bitartez. Komunikabideak ez ziren sartu ez hil kaperan eta ez eliza, familiak hala eskatuta.

 

Senitarteko eta herritarrez gain, elizkizunean izan ziren, ordezkari politikoak ere. Isaias Carrascori eginiko azken agurrean hartu zuten parte Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordeak, Jose Blanco PSOEko antolamendu idazkariak, Javier Rojo Espainiako Senatuko presidenteak, Rodolfo Ares eta Jesus Egigurenek, Eduardo Zaplana PPko eledunak Maria San Gil EAEko PPko presidenteak, Gaspar Llamazares IUko koordinatzaileak eta Jose Montilla Kantaluniako Generalitateko presidenteak. Hoien artean, Arrasateko eta Debagoieneko udaletxetako ordezkariak ere bai.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak