Aurten, Elorrioko Udalari tokatu zaio jaiak antolatzea eta Arrasate, Aramaio zein Angiozarko ordezkariak gonbidatu ditu festara.
Bertan izan dira, besteak beste, Arrasateko alkate Ino Galparsoro, Aramaioko alkate Asier Agirre eta Angiozarko auzo-alkate Mila Elortza.
Bizikleta igoerarekin eman zioten hasiera egitarauari. Hamaiketako egiteko primeran sartu ziren pintxo goxoak. Bertsoak, Unai Iturriaga eta Onintza Enbeitak jarri zituzten. Herri kirolen erakustaldia ere egin zuten.
Doke txapelketa berandu hasi zen. 11:30ean egitekoa zena 14ak aldera egin zuten. Nor baino nor aritu ziren Arrasateko eta Elorrioko Udaletako ordezkariak.
Bazkaria eta erromeriarekin eman zioten amaiera San Inazio egunari. Egin zuen beroarekin guztiek eskertu zuten Kanpanzarreko pagadiaren itzala.