Bizikleta igoerarekin eman diote hasiera egitarauari. Elorrio aldetik igo dira gehienak; norbera bere erritmoan, denak iritsi dira Kanpanzarko gainera. Behin goian, hamaiketakoa egiteko aukera izan dute bai bizikletan igo direnek, baita hara joandako gainerakoek ere.
Doke txapelketa
Ohiturari eutsiz Doke txapelketa jokatu dute Elorrioko eta Arrasateko Udal ordezkariek. Arrasatearren aldetik Ino Galparsoro alkatea eta Patxi Arburua zinegotziak jokatu dute; epaile lanetan, ostera, Patxi Zubizarreta ibili da. Elorriokoek trebetasun gehiago erakutsi dute beste behin, eta garaile izan dira.
Bazkaria
Behin Doke txapelketa amaituta, bazkaria izan dute hara joandakoek.
Urbian ere, jaia
Kanpanzarren bakarrik ez, Urbian ere ibarreko lagun asko batzen da San Inazio egunez. Goizean goiz igo dira gaur ere mendizaleak Urbiako zelaietara. Han, meza izan dute lehenengo eta ondoren, hamaiketakoa. Egun guztian iraungo du jaiak Urbian.