San Andres auzoko 19 etxebizitzako bizilagunak etxetik irtenarazi zituzten sute baten ondorioz

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko abuztuaren 10a

Ezuste handia hartu dute San Andres auzoan dagoen Txindoki dorreko bizilagunek. Bosgarren solairuko balkoian piztu zen sua eta etxeak utzi egin behar izan zituzten bi orduz. Guztiak etxean dira berriz ere eta ez du inork minik hartu.

Gertaera hilaren 9an, eguena, jazo zen. Arratsaldeko 17:10 ziren San Andres auzoan dagoen Txindoki dorreko 5. solairuan sutea piztu zenean. Balkoian piztu zen sutea eta segurtasun neurriak bermatzeko 19 etxebizitzetako bizilagunak etxeak uztera behartu zituzten Ertzaintzak eta Arrasateko udaltzaingoek. Ebakuazio lanak ez ziren oso astunak izan abuztua izanik hutsik zeuden-eta etxebizitza gehienak. Bizilagun asko etxetik kanpo zeuden eta beste asko oporretan.


Zauriturik ez
Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak ez du argitzerik izan sutea non sortu zen. Litekeena da, baina, galdara edo garbigailu batean sortu izana. Urduritasuna izan zen nagusi auzotarren artean suhiltzaileak sutea itzali zuten arte. Arrasateko Araba kalea ere zirkulazioari itxita egon zen lanak errazteko. Ez zen zauriturik izan eta bi ordu beranduago, 19:00etarako, bizilagunak euren etxeetara itzuli ziren. Suteak kalte txikiak eragin zituen, 5. solairuko balkoitik haratago joan ez zirenak.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak