San Andres auzoak euskaraz egin dezan, bueltan dator skate festa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko ira. 20a, 13:18
AED euskara elkarte aitzindariak bi ekimenen berri eman du: II. Skate festa egingo dute zapatuan, hilak 25, eta Arrasateko euskararen gaineko ikastaroa egongo da Udal euskaltegian, urriaren 10etik aurrera.

AEDk antolatuta, Arrasateko euskara ikasteko ikastaroa emango du Udal Euskaltegiak. 20 orduko ikastaroa izango da eta interesatuek urriaren 10a baino lehen eman beharko dute izena AEDren Pablo Urangako egoitzan.
Eskola egunak eta ordutegia izena eman dutenekin adostuko dira. Matrikula 55 euro izango da –50 euro AEDko bazkideedako–. Horrez gain, ikastaroan izena emateko zalantzan dabilenak zita garrantzitsua izango du irailaren 28an, Kulturaten, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren hitzaldian. Arrasateko euskararen jatorriaz jardungo du Zuazok.

San Andres euskalduntzen
Bestalde, skate jaia izango da zapatuan, irailak 25, Arrasateko San Andres auzoan, AEDren San Andresko lantaldearen eskutik.  Iazkoaren arrakasta ikusita, ekimena bigarrengoz antolatzea erabaki dute. Jaia, iaz moduan,  Bedoñabe Herri eskolako patioan. Festan, nola ez, Txatxilipurdiko Gazte txokoen eta Arraska skate taldearen laguntza jasoko dute: 16:30etik aurrera izango da eta hiru gune izango dira: skate gunea, grafiti gunea eta musika gunea. Skate gunean gaztetxoek estilo librean jarduteko aukera izango dute. Gainera, jolasak egongo dira eta sari bat ere zozketatuko da parte hartzaile guztien artean. Grafiti gunean, bestalde, Arrasateko grafitigile batzuek eskolako pareta bat margotuko dute eta tailer bat egongo da gazteek kaleko artea ezagutzen has daitezen. Eta, azkenik, musika gunean DJ Balza bergararrak zuzeneko musika jarriko du festa girotzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak