Ibarreko herri ezberdinetako erosleak ere gustura ikusi genituen saltoki ezberdinetan aukeren bila. Oñatiko Nieves Fuentes eta Naiara Palacin ama-alabak, sorpresaz hartu dutela azoka kontatu ziguten "Ez genuen azoka ezagutzen eta benetan merezi du, guztiz gomendagarria da. Kalitate prezioa ezin hobea da". Aurten nobedade moduan, barikuan zabaldu ditu ateak Merkemerkauak eta 17:00ak inguru pilotalekua lepo zegoen: jendea arropa probatzen, umeak puzgarrian jolasean eta guraso asko, Monte tabernak jarritako postuan mokadutxoa hartzen. "Erosketak egin, umea jolaslekuan utzi eta guraso asko zerbezatxo bat eta txorixo pintxoa dastatzera etortzen da. Jendeak eskertzen du taberna egotea atseden hartzeko edo lasai egoteko", kontatu digu Monte tabernako arduradunak. Esan, aurten lehen aldiz jarri dutela etxeko txikienendako puzgarria. Barikuan, esaterako, gainezka ikusi genuen puzgarria eta gurasoek begi onez ikusi dute horrelako zerbitzua: "Eguraldi txarrarekin primeran egoten da epelean, erosketaren bat egin eta umeak jolasean lasai utzita".
Ibaiarteko txartela
Ibaiarte, Arrasateko Dendarien Elkarteak ere bere postu propioa izan du. Bertako arduradunak pozik azaldu dira jendeak izandako interesagatik. "Herritar asko gerturatu da batez ere informazio eske. Aurten gainera, ardo botila oparitu diegu txartela egin dutenei eta harrera polita izan du ekimenak".
Ibaiarteko merkatariak pozik azaldu dira aurtengo nobedadeekin. Monte tabernako Juan Carlos Davilak azaldu digunez, puzgarriak taberna ondoan egoteak gurasoak erakarri ditu tragoxka eta mokadutxo bat hartzera. "Iaz baino jende gehiago ibili da azokan; batez ere, bariku arratsaldean eta zapatu eguerdian. Aurtengo aldaketekin merkatariak pozik gaude: egun aldaketak jendea erakarri du eta guk behintzat gehiago saldu dugu". Balorazioa, oso ona dela azpimarratu digu Davilak.