Aratusteeko herri bazkaria otsailaren 13an, zapatua, izango da Uarkape pilotalekuan, eta bazkaltzera doazenak mozorrotuta joateko animatu gura ditu Aratusteetako komisiñuek.
Zapatuko egitaraua iazko berdina izango da: 12:30ean pregoia Biteriko gasolineran eta txarangaz girotutako kalejira, 14:30ean herri bazkaria Uarkapen, eta bazkalostean, sari banaketa eta kalejira batukadarekin. Batukadak huts egin zuen iaz, baina aurten Arrasaten izango direla ziurtatu du komisiñoak. Amaitzeko, berbena izango da Herriko plazan, 19:30ean.
Berritasun nagusia da karroza, koadrila eta taberna onenaz gain, sari indibidualak ere egongo direla: mozorro ero eta bitxiena saritu egingo da. Bestalde, karrozak egiteko gaztetxea zabalduko da, otsailaren 1etik 13ra.
Horrekin lotuta, bestalde, aipatu urtarrilaren 30ean, zapatuan, bukatzen dela Aratusteak iragarriko dituen kartel lehiaketako lanak aurkezteko epea. Irabazleak 400 euro poltsikaratuko ditu.