Sailkapeneko azkenaren aurka, sufrituta lortu zuen Mondrak puntua

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko api. 25a, 22:01
Samurra beharko lukeen partidua, zaildu egin zitzaion Mondrari zapatuan. Aurrean Andoaingo Euskalduna zuten Azkargortaren mutilek, sailkapenean azkenak. Gainera, etxekoek irabazi beharra zuten matematikoki kategoriari eusteko. Baina, esan bezala, uste baino lan gehiago egin behar izan zuten berdinketa lortzeko (2-2); eta, epailearen lanak ere ez zuen asko lagundu. Lau jokalari egotzi zituen epaileak zapatuan Mojategin: Euskaldunako hiru eta Mondrako bat.

Hamaikakoan, aldaketak

Azkargortak aldaketak egin zituen hasierako hamaikakoan, eta amaieran adierazi zigun bezala, gauzak ez zitzaizkion uste bezala atera. Lehenengo zatian Mondrak ez zuen joko ona egin; baloiaren jabetza izan zuten arren, jokoa antolatzeko gai ez ziren izan. Lehenengo aukera garbia 25 minutuan izan zuen Iker Lopezek. Ondoren, Keixik ateratako falta baten, Muruak area barruan eskuinetik erdiratu baina inor ez zen iritsi errematea egitera. 

Gola

Partiduko lehenengo gola 40.minutuan iritsi zen: Julen Herizek egin zuen. Pozak, baina, gutxi iraun zuen. Euskaldunak 45. minutuan berdindu zuen lehia falta jaurti eta alderatzea aprobetxatuta.
Aldagelatik bueltan, etxekoak hobeto kokatuta zelairatu ziren. 55. minutuan Keixik gora jaurti zuen ezker hegaletik Herizek egindako erdiratzea. Aukera polita izan zen bigarren gola egiteko.

Partidu nahasia

60.minutuan, Euskaldunako jokalariek Ekainek zelai erdian galdutako baloia aprobetxatu zuten kontraerasoan gola egiteko. Handik aurrera, partidua guztiz nahastu zen. 70.minutuan epaileak Garmendia egotzi zuen. Jokalari bat gehiagorekin, Mondrak aurrera egin zuen. Herizek ezkerretik erdiratutako baloia Iker Lopezek ukitu, baina atearen aurretik pasa zen inork sareetan sartu barik. Gero, korner baten ondoren, zutoina jo zuten etxeko mutilek. Azkenean, berriro ere Julen Herizek, berdinketaren gola egin zuen 80.minutuan. Azkeneko minutuak oso nahasia izan ziren. Epaileak Euskalduna taldeko bi eta Mondrako Illart Etxeberria egotzi zituen.

Partidu txarra

Partidu amaieran Iker Lazpiurrek esan zuen horrelako partiduak ez direla onak ez eurentzat ezta ikustera datozenentzat ere.
Partidua samurra ote zen galdetuta: "Partidu guztiak jokatu behar dira", zioen Laspiurrek. "Datorren astean Ondarrura joango gara; partidu zaila izango da, beti bezala", aurreratu du Laspiurrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak