Saihesbideko lanak 'oso ondo' doaz, gabonetarako amaituta egongo dira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko aza. 15a, 15:19
Arrasateko saihesbidearen egoera kaskarrak hamaika kexa sortu izan ditu errepidearen erabiltzaileen artean. Eta bertan izan ohi den zirkulazioa ikusita, hainbat eta hainbat izan dira kaltetuak. Bada, hilabete eta erdi eskas geratzen da saihesbidea behar den moduan egoteko.

Oskar Rekalde Bidegiko prentsa arduradunak jakinarazi duenez, errepidearen berritze lanak gabonetarako amaituko dituzte.
Obrak espero baino beranduago hasi zituzten, baina aurreikusi moduan eta atzerapenik gabe amaituko dira. Izan ere, ekainean hasi zituzten lanak eta zazpi hilabeteko epea ezarri zuten lanok amaitzeko. Eta Rekaldek adierazi duenez, "ez da ohikoa halako kasuetan, baina lanak oso ondo doaz". Azken egunetako eguraldi kaskarrak obrak geldiarazi ditu; edozelan ere, gabonetarako amaituta egongo dira, azken orduko arazo garrantzitsurik ezean.

Zarataren aurkako panelak
Gainera, aurreikusten ziren asfaltatze lanez gain zarataren aurkako panelak ere jartzen ari dira saihesbidean. Azken lan hauek, Rekaldek aditzera eman duenez, obra nagusia aprobetxatuz egin dira: "zarataren aurkako panelak ez zeuden aurreikusita, baina beharra dagoenez, asfaltatze obrak aprobetxatu ditugu panelok jartzeko".
Bestalde, obrak amaitu arte  bide mozketa batzuk egingo direla gaineratu du Rekaldek. Izan ere, dioenez, "oraindik ez da modurik asmatu bide mozketarik gabe asfaltatze lanak gauzatzeko". Finean, ia gertu dago herriko zirkulaziorako hain garrantzitsua den Arrasateko saihesbidea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak