Sarrionandiarekin gogoratuz, 'Martin Larralde'-rekin, hasi zuen emanaldia eta kolpe batez entzule guztiak poltsikoratu zituen. Horren ostean, baina, disko berrian sakondu zuen, nahiz eta tartean salbuespen batzuk egin: kutsu malenkoniatsua daukan 'Zorioneko moila' gitarreroa; oso melodikoa den eta lelo itsaskorra daukan 'Jakin nahi nuke'; mandolinarekin eta ia akustikoan landutako 'Zuhaitz alferra' anti-desarrollista; aspaldiko 'Nor da gogoan daukazuna', 90eko pop-rockaren oinarriak jarri zituen kantu borobil eta distiratsua, hain zuzen; 'Goiz berri bat' pausatua; eta 'Belauneko'. Azken horrekin, eskaleak gogora hartzen dituen 'Belauneko'-rekin, intentsitate ikaragarria lortu zuten. Garapen handia izan zuen kantuak, biolinarekin hasita iluntasun eta indar puntu goren batera heldu arte.
Bakarrik ere aritu zen
Ekaitz horren ostean, taldekideek atseden laburra hartu zuten eta Ruperrek bakarrik Lasai joan pieza xuxurlatu zigun belarrira. Taldea bueltan agertokira, eta Egunkaria-ri elkartasuna erakutsiz, 'Zaindu maite duzun hori' altxorra interpretatu zuten biolin eta guzti, folk pieza ia klasiko bilakatuz. Bati baino gehiagori oilo-ipurdia jarri zitzaion.
Bukatu aurreko lasterketan oraindik bestelako piezak eskaini zizkiguten: kantu zaharren sonoritatea daukan 'Ahanzturak', gitarra rockero eta ia blueseroekin jantzitako 'Haizea Garizumakoa' eta oñatiarraren kantutegian dagoeneko kuttuna bihurtu den 'Hiriak' ere, azken hori, mandolinaren laguntzaz, country zein hill-billy ukituarekin. 'Olabideko borda' pieza berrian intentsitatearekin eta gitarra punteatzeekin jokatu zuten eta agurra heldu zen.
Bisak egiten 'derrigortuta'
Ordurako ordu eta erdi pasatxoko emanaldia egin zuten arren, entzuleak pozarren zeuden eta txalo etengabeak eginez, taldea itzuli behar izan zen. 'Sekulabelardiko kanta' Laboaren omenez, eta bukatzeko Ene begiek pieza rockero borobila; jende guztia kantuan eta bukaera ezinhobea.
Talde izugarria dauka Ruperrek: Arkaitz Miner gitarra, mandolina eta biolin jotzaile ikaragarria; erritmoa, giroak eta nahi duena sortzen duen Asier Oleaga bateria jotzailea eta Lutxo Neira erlojuen pareko baxu jotzailea. Ñabarduraz jositako kantuak dira, eta zuzenean eraldatu egiten dituzte folkerantz, rockerantz edo intentsitatea gehituta.