Roman Martinez: "Bide zaharrak aisialdi modu berrietara egokitu gura ditugu"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko urr. 18a, 12:22
Besaide mendi taldea Mendi hamabostaldia egiten dabil egunotan. Atzo, esaterako, Arrasateko bide zaharrak berreskuratuz mendi irteera egin zuten. Asmoa hori da, hain zuzen ere: garai bateko bideak berriro ere herritarrendako erabilgarri uztea. Roman Martinez Besaide mendi elkarteko presidentearekin izan gara euren asmo eta helburuez berbetan.

Garai bateko bideak herritarren eskura jarri gura dituzue.
Udalarekin elkarlanean gabiltza Arrasate inguruan egon izan diren bide zaharrak berreskuratu eta atontzeko. Industrializazioa etorri zenetik bide horien erabilpena zeharo aldatu zen eta orain gura duguna da aisialdi modu berrietara egokitzea bide horiek.
Asmoa da bide zaharrak berreskuratu eta atontzea herritarren eskura jartzeko.

Udalarekin elkarlanean zabiltzate horretan?
Bai, Udalari gure asmoa azaldu genion eta eurek begi onez ikusi zuten proiektua. Bileretan gabiltza, eta asmoa ona den arren bide luzea dago egiteko oraindik.
Horregatik, bien bitartean gu gure aldetik gabiltza bide batzuk txukuntzen. Bide sare horrek izango dituen zenbait adar ezagutu eta ezagutarazten. Gutxi zapaldutako Arrasate inguruko bideak dira.


Mendi hamabostaldiaren barruan antolatutako irteera izan zen atzokoa. Eguaztenerako ere badago hitzordu bat.
Bai, Josu Bereziartua alpinista azpeitiarrak hitzaldia emango du. Ezaguna da Al filo de lo imposible programan kamera lanak egiten dituelako, eta zortzi milakoak ere egin dituelako.
Oraingoan, baina, interesgarria izango da kontatuko duelako familiarekin Himalayan egiten dituen irteerak. Topikoak apurtuko ditu: adibidez, umeekin leku garaietara ezin dela joan. Eguaztenean, 19:00etan Kulturaten.

Datorren zapaturako mendi bizikleta martxa antolatu duzue.
Zapatuan 9:30ean Musakolan izango da hitzordua. Izena aurrez eman behar da; federatuek 5 euro ordaindu behar dute eta ez federatuek 10 euro. Nahiko ibilbide gorabeheratsua izango da. Amaieran luncha egongo da. 


Ze egoeratan dago Besaide mendi elkartea?
2009an zuzendaritza batzordea berritu zen. Gaur egun bederatzi lagun gaude zuzendaritzan; eta, sail bakoitzak bere kideak ditu. Ilusioz eta lanerako gertu gaude. Gure agintaldia 2013an amaituko da. Gure asmoa da harrobia lantzea, eta erreleboa bermatzea. Hori izango da gure lana.

Elkarrizketa osoa gaurko Asteleheneko Goienkarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak