Rocka baino gehiago perkusioa eta antzezlanak egingo dituzte jaietan

Iker Barandiaran 2007ko ekainaren 22a

Gaur, egubakoitza, hasiko dira San Juan jaiak. Udalak ezagutzera eman du kultura egitaraua, eta hainbat berrikuntza daude. Rock kontzertu bakarra egingo du Udalak, San Juan gauekoa: Monterrongo agertokira Vanexxa eta Gose igoko dira, 23:30ean.

Gose taldea arrasatearra da. Ines Osinagak abestu eta trikitia jotzen du; Iñaki Bengoa teklatuaz eta programazioez arduratzen da; eta gitarra eta baxua Jon Zubiagak jotzen du. Gose diskoak harrera oso ona izan du; trikitia eta elektronika fundamentuz batzen lehenak izan dira. Hala, Katalunian eta Euskal Herrian kontzertu asko egin dituzte; maiatzean Carlinhos Brownekin hiru emanaldi egin zituzten, eta Radio 3 irratiko kontzertuetan esku hartu, eta irrati eta telebista bidez eman zuten Madrilen egindako emanaldia. Goserekin batera, Vanexxa madrildarra ariko da. Konposatzaile, antzezle eta musikari horrek ikuskizun probokatzaileak egiteko ahalegina egiten du. Rocka, rapa eta popa batzen ditu; eta iaz Subterfuge diskoetxeak kaleratutako Se rompe o se raja lanak ezagun egin du. Bestalde, sexua hizpide duela, zuzenekoei kabaret kutsua ematen die.

Perkusio ikuskizun bitxia

Bestelako rock kontzertuak txosnagunean egingo dituzte, herriko taldeen eskutik. Gaur, egubakoitza, 5 Twisters taldeak emanaldia egingo du, 23:00etan. Domekan, Edan taldearekin dantzaldia izango da, 22:00etan.

Bestalde, astelehenean, Toom Pak perkusio talde madrildarrak ikuskizun bitxia egingo du Monterronen. Birziklatutako materiala eta euren gorputza erabilita, gauza dira ordubeteko emanaldia egiteko.
Gainontzean, domekan, Trapu Zaharrak taldeak Vis a Vis ikuskizuna egingo du Seber Altuben, 20:00etan; eta astelehenean, Teatro O taldeak Metafora lana antzeztuko du leku berean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak