'Rock it all', ohiko moda desfile bat baino askoz gehiago

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko eka. 15a, 17:43
Herriko gazteak protagonista izango dituen desfilea izango da zapatuan 3 aretoan. Herriko gazteek egina, herriko gazteendako. Izan ere, desfilean ikusgai eta ondoren salgai izango diren arropa eta osagarrien egileak Amaia Albes eta Ane Garai (Arrasate, 1989) diseinatzaile arrasatearrak dira. Doakoa izango da sarrera, eta proposamena hain ezberdina dela ikusita, arrakasta bermatuta dago. 19:30ean hasiko da ikuskizuna.

Herriko gazteek egina, herriko gazteendako: moda ikuskizuna egongo da zapatuan 3 aretoan. Arrasateko Amaia Albes eta Ane Garai diseinatzaileek, Zuriñe Lopez eta Cristina Garcia makilatzaileen laguntzaz, moda ikuskizuna prestatu dute. Rock it all da euren marka.

3 aretoan musika da ohiko eskaintza, eta beraz, bestelako proposamen batez gozatzeko aukera egongo da zapatuan. Gainera, 3 aretoko pasarelan –egun horretarako ibiltokia muntatuko dute espresuki– ibiliko diren modeloak disenatzaile eta makilatzaileen lagun eta senitartekoak izango dira; 14 modelo guztira. Etxean geratuko da ikuskizuna, beraz.

Arropa eta osagarriak salgai
Ez da ohiko desfile bat izango, ikuskizuna ere egingo dute. Antolatzaileek ez dute larregi aurreratu gura izan, baina gorputza margotuta show-a eskainiko dute batzuek. Ordu erdi inguru iraungo duen espektakuluaren ostean, diseinatzaileek euren jantzi, osagarri eta bestelakoak salgai jarriko dituzte. Sarrera doakoa izango da.
Azkenik, Albesek jakinarazi duenez, zapatukoa azken desfilea ez izatea espero dute. 

Jarraian duzue maiatzaren 31n Asteleheneko Goienkaria-n argitaratutako elkarrizketa irakurtzeko aukera

"Desfilearekin, ezagutzera emateaz gain, herriari bestelako ekitaldi bat eskaini gura diogu"

Ekainaren 19an Amaia Albes eta Ane Garai (Arrasate, 1989) moda diseinatzaileek desfilea egingo dute 3 aretoan; ez ohiko proposamena musika areto batendako. Diseinatzaileek, baina, "horretarako eginda" dagoela ematen duela diote. Eurekin egon gara, jantziak prestatu dituzten txokoan bertan.

Nondik sortu zitzaizuen desfile bat egiteko ideia?
Ikasketak amaitu eta sei hilabeteko ikastaroa egin genuen eta horren ostean zerbait egitea bururatu zaitzaigun, ikasitakoa aurrera eramateko. Hala, desfile bat egitea pentsatu genuen, zerbait sortzea, hain zuzen.

Jantziak zuek egin dituzue?
Patroiak atera, jantziak moztu eta josi, guk egin dugu guztia. Jantziak egiten bi hilabete eman ditugu; 22 jantzi dira eta 15 modelok desfilatuko dute. Modeloak lagunak eta senitartekoak izango dira; dena etxean geratzen da .

3 aretoa leku aproposa al da moda desfile baterako?
Erabat, horretarako prestatuta dagoela dirudi. Oso leku aproposa eta polita da; hori bai, pasarela bat jarri beharko dugu lokaleko alde batetik bestera.
Pasarela hori beste egunen baten erabiltzeko asmorik bai?
Desfilearen helburua da moda munduan gure burua ezagutaraztea, baina baita jendeari erakustea Arrasaten bestelako proposamenak ere badaudela, sorkuntza aldetik ezberdina dena. Oraingoz lehena da eta ikusiko da nola irteten den. Ea jendeak ondo erantzuten duen eta zerbait saltzen dugun, arropak ez ditugu-eta armairuan hautsa har dezaten egin. Espero dugu aurrerantzean ere beste desfileren bat egiteko aukera izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak