RIP: urteek inporta ez duten seinale

Txomin Madina Milikua 2008ko azaroaren 2a

RIP taldeko Karlos eta “Portu’’ren omenezko kontzertuan aritu ziren lau taldeek 400 pertsonatik gora erakarri zituzten.

Ia 25 urte pasa dira Arrasateko RIP taldeak bere lehen diskoa kaleratu zuenetik, eta dagoeneko taldea deseginda egon arren, zapatuan Arrasateko Gaztetxean egindako kontzertuan argi geratu zen jarraitzaileek ez dituztela ahaztu. Taldeko Karlos eta “Portu’’ren omenezkoa izan zen kontzertua eta lau taldek jo zuten bertan. Taula gainera igo ziren gonbidatuen zerrenda baina, luzea izan zen.

Nahiko lasai hasi zen gaua, Sala arrasatearrak eta Pascal alemaniarrak gitarrekin egin zuten kontzertu akustikoarekin.  Bakarka zein elkarrekin, The Clash eta Stiff Little Fingers taldeen bertsioak jo zituzten beste batzuen artean.

Baina barealdiaren ostean beti dator ekaitza, eta halaxe gertatu zen Material Rechazadoko mutilen txanda heldu zenean. Punka lantzen dute hauek, rock ukitu batekin beti ere, eta Eskorbuto zein Cicatriz taldeen bertsioak jo zituzten besteak beste. Ia abesti guztietan, gainera, laguntzaileren bat izan zuten.

Taularatzen hirugarren taldea Gasteizko  Carrocerías Betoño izan zen: talde ganberroa, dibertigarria eta ikuskizuna ematen dakiena. Belen eta Iker abeslariek hainbat mozorro jantzi zituzten: orain moja, orain apaiz. Aipatzeko da baita ere, RIPeko bateria zen Txerra talde honetan aritzen dela, eta bere anaia Julekin batera hainbat abesti jo zituztela.

Baina ez zen bi anaiak taula gainera batera igo ziren une bakarra izan, gaua itxi zuen Never Surrenderren kontzertuan ere hartu zuten parte-eta. Kantu aukeraketa berezia egin zuten hauek; euren abestiak jo partez, gehienak bertsioak izan ziren: batez ere The Clashenak, baina baita, RIPek jotzen zituen Cockney Rejects eta 4skinsen kantu bana ere.

RIPen bertsioak

Baina gaueko berezitasunetako bat izan zen talde guztiek jo zutela RIP ezaguna egin zuen abestiren bat edo beste. Sala&Pascalek adibidez, era akustikoan joaz, ukitu berezia eman zioten Condenado abestiari eta Incorruptible kantua bestalde, bi taldek bertsionatu zuten, Carrocerias Betoñok eta Material Rechazadok. Kaos edo Mundo muerto moldatu zituen besteak beste Never Surrenderrek.  Amaigabea izan zen ia bertsioen segida.

Antolatzaileak oso gustura zeuden kontzertuaren arrakastarekin: 400 pertsonatik gora bildu ziren; adin guztietakoak, baina batez ere, gaztetxoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak