'Renato' kale ikuskizuna izango da gaur Herriko plazan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko uzt. 24a, 13:16
Udazabal programak aurrera segitzen du, Gaur kale antzerkiaren txanda da, Ganso & Cia antzerki taldearen 'Renato' kale ikuskizunaren txanda, hain zuzen. Antzezlana Herriko plazan izango da, 20:00etan. Familia giroan gozatzeko antzezlana izango da; haurrek zein helduek ez dute aspertzeko unerik izango.

Renato ikuskizuna Ganso & Cia antzerki talde sortu berriaren lehen apustu handia da. 2008ko maiatzean estreinatu zen Arrigorriagako Klown jaialdian. Obrak Renatoren bizitza du hizpide. Protagonistak iberiar faunari buruzko entziklopediak argitaratzen dituen argitaletxe batean egiten du lan. Bizitza aspergarri bat daroa, amaren menpe uneoro. Ama dagoen bitartean, Renatok ezin du arropa aukeratu, ezin emakumeekin ibili; finean, ezin du bere etorkizuna eraiki. Ama hiltzen denean, gehien maite duena egiteko aukera du; eta Renatok zirkoa maite du. Baina zirkoko artista izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula...

Kalea, antzoki
Ganso & Cia antzerki taldea osatzen duten Gorka Zero eta Cecilia Paganini antzerkigileak kalea dute lan esparru. Kalea, eta Clown-a. Antzerki genero honetan eroso mugitzen dira, izan ere, ez zaie esperientziarik falta. Renatoren papera hartuko duen Gorka Zerok, esaterako, 13 urte daroatza clowna lantzen, eta besteak beste, Virginia Imaz izan du irakasle.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak