Esperientzia Eskolaren arrakasta bistakoa da Arrasaten. Zergatik, zure ustez?
Arrakasta ez da Arrasaten bakarrik eman, Gipuzkoako beste hainbat udalerritan ere oso erantzun ona izan du Esperientzia Eskolak. Gai asko lantzen dira, besteak beste, artearen historia, literatura edota bertako geografia. Ikasle bakoitzaren garapenari garrantzi handia ematen zaio eta ezagutza intelektualaz gain, ohitura osasungarriak hartzea ere bilatzen da. Hala, erlaxazioa, gorputz adierazpena, dietetika edota nutrizioa ere lantzen dira.
Bestalde, ikastaroak jende edadetua aktibo izatea bilatzen du: horretarako hezkuntza da bidea baina horrez gain, herriaren onerako izango den proiektu bat komunean abiaraztera animatzen zaie. Arrasateko taldeak, esaterako, bi urte daramatza ibarreko historiaren gaineko informazioa jasotzen. Sekulako lana egin dute; liburu bat eta guzti atera dute antzinako elizen gainean.
Eskaera handia da, ez ordea, eskaintza: 25 plaza bakarrik. Zer dela-eta?
Mugabe elkarteak erakunde ezberdinek ematen dituzten dirulaguntzen menpe dago, erabat. Mugatuta gaude diru aldetik, horregatik plaza gutxi eskaintzen ditugu. Aurten, dagoeneko oso leku gutxi dago, iazko itxaron zerrendakoei lehentasuna eman diegulako. Baina geratzen da tokia oraindik: izena eman gura duenak dei dezala lehenbailehen 943 224 146 telefonora.
Zertan dira ezberdinak edozein eskolako eta Esperientziaren Eskolako klaseak?
Eskola izena darama, baina asmoz informalagoa da. Klaseak erabat parte hartzaileak –baina parte hartzera behartu barik– izaten dira. Hau da, klasean zehar ikaslea irakasle izan daiteke eta alderantziz. Adituak gaiaren gainean sarrera egiten du eta gero eztabaidarako tartea uzten du. Bestalde, ez dago azterketarik eta ezta apunteak hartu beharrik ere; apunteak ikasturte hasieran ematen dira. Horrek guztiak klaseak oso dinamikoak izatea ahalbidetzen du.
Ikasitakoa nola eramaten dute praktikara?
Ikasturtea are dinamikoagoa izan dadin, irteerak, hitzaldiak eta erakusketen hartzen dute parte, klasean ikasitako gai ezberdinen gainean.