Rafael Ceciaga hil da, Argentinan

Ubane Madera 2008ko ira. 24a, 14:23
Bart gauean, Rafael Ceciaga, (Arrasate, 1935), Ricardo Ceciagaren semea hil egin zen erbestean, Argentinan. 14 urte zituela joan zen Rafael Ceciaga Arrasatetik Argentinara, bere aitarekin, biak exiliatuta. Izan ere, Ricardo Ceciagak 1934ko urriko iraultzan parte hartu zuen, Gillermo Lasagabaster “Malaletxerekin” batera, Arrasate eta Eibarren artean lotura lanak eginez. Hala, 1936ko garaipen frankista gertatu eta bost urtera, Argentinara joan ziren aita-semeak.

Erbestean, Rafael Ceciagak beti izan ditu gogoan jaioterria eta aberria; horren erakusle dira urtetan egin dituen eskulan ikusgarriak. Botiletan sartzen zituen Arrasateko eraikin esanguratsu edo paraje esanguratsuekin egindako maketatxo ikusgarriak.

Hain zuzen ere, horietako batzuk ikusi ahal izan genituen Arrasaten bertan; 2006an hemen izan zen-eta, Monterronen. Intxorta Kultur Taldeak 1934ko iraultza goraipatzeko egindako erakusketa batean parte hartu zuen, bere eskulanak erakutsita. Besteak beste, Markiegiren gaineko aldeko etxearen irudia zeukan botilan sartuta, botilaren tapari dragoi itxura emanda.

Bada horixe, Arrasate beti bihotzean eraman duen Rafael Ceciaga bar hil zen, jaioterritik ihesi bizitoki izan zuen Buenos Aires hirian. Haren oroimenez Juan Ramon Garai historiagileak honako idatzi hauxe bidali du:

 

Rafael Ceciaga gogoan

Ezinbesteko horietako bat da Rafael Ceciaga. Atzerrira joan zen 1949an, 14 urte zuela, Arrasatetik Argentinara, aita Ricardorekin, Tatxo Amilibiaren auto gidaria eta laguna. Bere aita hil da gero, harekin hazi eta iritsi zen helduarora.

Ezagutu nuen lehen momentutik konturatu nintzen Tatxorengandik jaso zuen heziketak eragina izan zuela. Gure liburua “Arrasate 1936, Belaunaldi Etena” irakurri zuenean, esan zidan gure aita-amen belaunaldia ez zela geratu etenda, ideia berberekin jarraitzen zuela, eta alabek ere bai, eta ilobari uzten zizkiola egindako botiletako mezuak, aitajaunaren pentsaeraren berri izan dezan.

Harekin berba egin eta ematen zuen entzuten nuela Euskal Herrian askatasunaren alde dena eman zuten pertsona haien belaunaldia, bizia ere eman zutenak askatasunaren, berdintasunaren eta justizia sozialaren alde, eraiki nahi zuten gizarte berriaren zurtoinak: Haien borrokaren bidez, 1931n, historiaren zabor ontzira bota zuten monarkia, egia esan ez zuten errekuperatu behar, eta Errepublika sozialaren alde borrokatu zuten 1934ko urrian, armen bidez defendatu zuten errepublikar legezkotasuna, lur-jabeen, burgesen eta elizako hierarkiaren zerbitzupeko matxinoen kontra; gerra galdu zuten, eta borrokan jarraitu zuten.

Ricardok Ceciaga, Tatxok Amilibia, Celestino Uriartek eta beste hainbatek moduan, Alderdi Sozialista utzi zuten gerra bete-betean zela. Arrazoi askoren artean, arrazoietako bat izan zen euskaldunak zirela eta ez zutela onartzen alderdi sozialista batua 1937an eratu eta gero, espainiarra izatea. Euzkadiko Alderdi Komunistan sartu ziren.

Rafael ere euskalduna zen, maite zuen Argentina, han hazi baitzen, baina alabei esaten zien moduan Buenos Aires-en: “ni ez naz hemengoa, ni arrasatekoa naz”.

Arrasatekoa zen, Euskal Herrikoa, Argentinakoa, internazionalista zen, haren aita Ricardo bezalaxe, mundu desberdin bat lortzeko borrokoa den bezalaxe, Rafaelek ondo jakin izan du erakusten hori guztia bere mezuen bidez, botiletan sartuta.

Gose taldeak “Amets Gorria” kantuan ondo baino hobeto jasotzen duen moduan: Rafaelek ez zuen jarri burdin hesirik bere memorian, ez zuen besarkatu kapitalismoaren ertzerik, ez zuen nahi izan lepoko berdina zuen erregerik, ez zuen jan etsaiaren eskutik, eta oraindik ere jarraitzen zuen amets gorriak izaten.

Elkartasuneko besarkada handia Mercedes, Alejandra, Ramiro eta Leoni.

Juan Ramon Garai.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak