PSE-EEren zentsura mozioak ez du aurrera egingo

Usoa Agirre 2008ko apirilaren 1a

EAk ere ez du babestuko PSE-EEren zentsura mozioa, Arrasateko Udaleko oposizioko taldeen artean batasunik egon ez delako. Eusko Alkartasunako herri batzarrak atzo, martitzena, iluntzean hartu zuen erabaki hori. Amaia Larrañaga alderdiko presidenteak jakinarazitakoaren arabera, 20 lagunetik gora elkartu ziren eta aho batez berretsi zuten alderdiaren exekutibak lehenago hartutako erabakia. EAJk, Aralarrek eta EAk adierazi dute ez dutela babestuko zentsura mozioa; Arrasateko Ezker Batuak-Zutik koalizioak gaur, eguaztena, erabakiko du mozioa babestu edo ez.

EAJren Gipuzkoako Buru Batzarrak goizean jakinarazi duenez, ez dute babestuko Arrasateko PSE-EEk EAEren eta Ino Galparsoro alkatearen kontra bultzatutako zentsura mozioa. Aralarrek ere esana du ez diola babesa emango. Ezker Batuaren exekutibak esan du mozioa babestuko duela, baina Arrasateko Ezker Batuak gaur, eguaztena, hartuko du azken erabakia. PSE-EEren mozioak aurrera egiteko 11 boto behar dira. Oraingoz, aldeko bost boto ditu mozio horrek (PSEren 4 eta PPren bat).

Gaur, eguaztena, du Arrasateko Ezker Batuak asanblada PSE-EEren zentsura mozioa babestu edo ez erabakitzeko. Ezker Batuko exekutibak mozioa babesten duela esan du, baina Ander Rodriguez Arrasateko EB-Zutik koalizioko bozeramaileak Arrasate Irratiari jakinarazi dionez, bere alderdiaren estatutuen arabera herriko batzarrak du erabakitzeko eskumena, alderdiaren exekutibaren gainetik. Hala, gaurko batzarrean hartuko dute erabakia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak