PSE-EEk salatu du EAJk nahi gabeko haurdunaldien mozioaren kontra bozkatu duela

Ubane Madera 2009ko ots. 9a, 17:32
Arrasateko alderdi sozialistak haserrea erakutsi du EAJk nahi gabeko haurdunaldien mozioaren kontra bozkatu duelako. Joan den eguenean egindako osoko bilkuraren harira dator alderdi sozialistaren salaketa hori, PSE-EEk aurkeztutako mozioaren harira. Proposatu zuen Arrasateko Udalak bat egin dezala Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak abiarazitako prebentzio kanpainarekin eta EAJk erantzun zion osasun kontuak Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentzia direla.

Joan den egueneko osoko bilkuran, PSE-EEk mozioa aurkeztu zuen proposatuz Arrasateko Udalak bat egin dezala Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak abiarazitako prebentzio kanpainarekin, nahi gabeko haurdunaldi eta sexuarekin transmititzen diren gaixotasunei aurre egiteko.

Bada mozio horren kontra bozkatu zuten EAJk eta Talde Mistoak. Eta hain justu, EAJren jarrera da zinegotzi sozialistak salatzen duena. Labur esanda, Euzko Alderdi Jeltzaleko Rafa Uribarren zinegotziak azaldu zuen osasunaren gaineko konpetentzia Euskal Autonomia Erkidegoak duela, eta ez Espainiako Gobernuak; eta horrexegatik kontra bozkatuko zutela.

Hori horrela, bozketa egiterako orduan, kontrako 11 boto eskuratu zituen PSE-EEren mozioak (Talde Mistoa eta EAJ) eta aldeko bederatzi (PSE-EE, PP, EA, Aralar eta EB-Zutik). Beraz, ez zuen aurrera egin.

'Euskadiko errealitate'

Bada, EAJren argudio horren harira, Paco Gartzia sozialistak salatu du nahi gabeko haurdunaldiak eta haurdunaldi eteteak ere badirela “Euskadiko errealitate”; eta gaineratu du “kontuan hartuta, batzuetan preserbatiboa ez erabiltzeak norbere bizia jokatzea dakarrela”, ez dutela “ulertzen EAJren jarrera, guztia laburtzen duelako Espainia eta Euskadiren arteko konpetentzia arazo bailitzan. Herritarren benetako arazoei aurre egin eta irtenbideak planteatzeko tresna da politika. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela mota honetako ekimenak babestea, berdin da zeinek bultzatzen dituen”, gaineratu du zinegotzi sozialistak.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak