PSE-EEk kritikatu egin du udal gobernuaren "aurreikuspen falta" denboralearen aurrean

Ubane Madera 2010eko urtarrilaren 11

Aritz Arrietak, PSE-EEko udal bozeramaileak dio egunotan jasan dugun denboralea aldez aurretik iragarrita zegoela eta Arrasateko udal gobernuak ez duela ez "aurreikuspenik" eta ezta "eraginkortasunik" izan egoerari aurre egiteko: "Ez dute inolako aitzakiarik, aurreikuspen falta eta berehalako erantzun falta negargarriak izan dira".

Arrasateko sozialisten bozeramaileak salatutakoaren arabera, Udalaren "aurreikuspen falta" horrek eragin duena da udal-langileek ezin izan dutela "lan onik egin errepide eta kaleak egokitzen, batez ere udalerriko goiko auzoetan, Santamaina eta Erguin bezalakoetan (okinak ere ezin izan dira iritsi egunotan) eta ezta auzo periferikoetan ere. Kudeaketa txar horrek herritarren erortzeak eta automobilen arteko kolpeak ekarri ditu", gehitu du zinegotziak.

Arrietak gaineratu du denboraletik hiru egun pasatu direla, "aurreikuspen meteorologikoen arabera beste denborale baten atarian" gaudela eta "oraindik ere kaleek izoztuta segitzen" dutela.

Eta besteak beste, salatu du "herritarrak beste behin babes gabe eta ahaztuta" sentitzen direla, udal gobernuak "eguneroko arazoak konpontzeko gaitasunik ez" duelako. Eta galdetzen du "ea noiz kezkatuko diren alkate anderea eta udal gobernuko zinegotziak herritarren benetako arazoekin eta noiz ahaleginduko diren horiek konpontzen".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak